Irurako Udaleko gazteria sailean azken egunetan jaso dituzten gomendioen arabera eta osasun egoerak hobera egin duela ikusirik, 2020eko udan lau astez haur eta nerabeei beraien aisialdia bermatu nahian Uda Aisialdia zerbitzua eskainiko dute. Jakinarazi dutenez, beti ere, zerbitzu hau osasun baldintzen araberakoa izango da eta egoerak okerrera eginez gero, zerbitzua bertan behera geldituko da.
Izen emateak, ekainaren 12tik 15era egin beharko dira. Haurren Goiz Pasarako matrikulazio egin zutenek, aurrez egindako matrikulazioaren baieztapena edo ezeztapena jakinarazi beharko dute WhatsAppez 688 82 72 06 telefonoan, ekainaren 15a baino lehen.
2008 eta 2004 urte bitartean jaiotakoek matrikulazio orria kultura bulegoan edo www.irura.eus helbidean eskuratu ahal izango dute. Bete ostean kultura bulegoan utzi beharko dute 08:00etatik 14:00etara edo 16:00etatik 19:00etara.
2009tik 2017ra bitarte jaiotako haurrei, ekainaren 29tik uztailaren 24ra eskainiko zaie zerbitzua, astelehenetik ostiralera goizeko 10:00etatik 13:00etara. Segurtasun neurriak lehenetsi nahian, haur kopuruaren eta herrian dituzten espazio baliabideen arabera, zerbitzuaren baldintzak alda daitezkeela ohartarazi dute Gazteria sailetik: adin bereko umeen taldea bitan banatu, adin desberdinetako haurren nahasketa edo zerbitzu egunen murrizketa eman daitekeela esan dute.