Koronabirusa

Foru funtsaren inguruko erabakia salatu du Irurako alkateak

Ataria 2020ko maiatzaren 14a

Funtsa bueltatzeko hartutako erabakia atzera botatzeko, aurrekontu aurreikuspenak bere horretan mantentzeko, eta besteak beste, COVID-19aren krisiak sortutako gainkostuak arintzeko, aldundiak 20 milioi euroko laguntza bat bideratzeko eskatu du Gorka Muruak.

"COVID-19aren krisian, udalek lehen mailako erantzuna eman dugu. Ez dugu onartzen alde bakarrez harturiko erabaki hau eta irtenbidea adostea proposatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari", esan du Gorka Murua Irurako alkateak.

Honenbestez, Diputatuen Kontseiluak onartutako Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren inguruko erabakia salatu du Muruak eta honako proposamena luzatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari:

  • Atzera bota dezala Udal Finantziaketarako Foru Funtsa bueltatzeko onartutako erabakia.
  • 2020ko aurrekontu aurreikuspenak bere horretan manten ditzala udalentzat.
  • Zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, Udal Finantziaketarako Foru Funtsaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea 2021ean hasita, inongo interesik gabe.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioi euroko diru laguntza bat bideratu dezala udaletara COVID-19ko krisiak sorturiko gainkostuak arintzeko asmoz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!