Koronabirusa

Itxialdia arinago egiten

Ataria 2020ko maiatzaren 6a

Irura Bizi elkarteak bultzatuta ia herri osoan musika eta animo mezuak izan dira entzungai; larunbatean amaituko dute.

Larunbat honetan amaituko da Irura Bizi elkarteak itxialdiko egun luzeak arinago egite aldera abiarazitako ekimena. Egunero, iluntzeko zortzietan eskerrak emateko txaloen ostean Mikel Laboaren Txoria Txori abestia izan da entzungai herrian, eta larunbatetan, berriz, ordu erdiko musika tarteaz gozatu ahal izan dute herritarrek.

«Herritar bat hasi zen Laboaren kantua jartzen, eta elkartetik pentsatu genuen herri osoan entzutea polita litzatekeela», azaldu du Irura Bizi elkarteko Jon Bordagaraik. Hala, ekimenarekin bat eginda, herriko puntu desberdinetan kokatutako bederatzi bizilagunek balkoietan altabozak jarri dituzte eta ia herri osoan izan da entzungai TxoriaTxoriren bertsio desberdin bat egunero. «Tartean, herriko akordeoi jotzaile Joxe Mendizabalek egindakoa». Larunbatetarako, bestalde, ordu erdi inguruko saioa eskaini dute. «Txoria Txori abestiaren ostean, elkartetik luzatutako animo edo eskertza mezua zabaldu dugu, ondoren, Iruran, batez ere hasieran, birusak gogor jo duela ikusita hildakoen omenez Xalbadorren heriotzean jarri dugu, eta horren ostean, gaztetxoenei eskainitako Maite zaitut». Horrekin batera, herritarrei Irurako festetako zapia balkoietatik zintzilikatzeko gonbita ere luzatu zuten elkartetik.

Irurarrek ekimena «gustura» hartu dutela adierazi du Bordagaraik. «Mezu bidez nahiz kalean polita iruditu zaiela esan digute. Gainera, egun batean, jendeari balkoietan ateratako argazkiak WhatsApp taldera bidaltzeko eskatu genion eta asko jaso ditugu; asko, gainera, mozorrotu eta guzti egin ziren argazkirako». Bideoa ere osatu dute bildutako argazki guztiekin.

Bada, «herritarren konfinamendua arinago egin eta herria egiteko» sortutako ekimena larunbat honetan amaituko da. «Pixkana arintzen doala ikusi dugunez, gehiago ez luzatzea erabaki dugu». Irura Bizi elkartetik eskerrak eman nahi izan dizkiete ekimena posible egiteko era batera edo bestera lagundu duten herritar guztiei.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!