Udaleku irekietarako begiraleak kontratatuko ditu udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 28a, 14:52

Interesatuek curriculuma eta titulu, ikastaro eta lan egin izanaren agiriaren kopiak aurkeztu beharko dituzte maiatzaren 13ra bitarte, goizapasa2020@gmail.com helbidean.

COVID-19 birusak sortu duen osasun alarmaren ondorioz, Irurako Udalak ezin du ziurtatu uztailean goiza pasa zerbitzua aurrera eramateko aukera izango duenik, beraz jakinarazi du legeak arautzen duenaren arabera jardungo dutela.

Aurten Goizapasa 2020 ekainaren 22tik uztailaren 24ra dago iragarrita eta hiru ordu eta erdiz parte hartu ahal izango dute herriko umeek udaleku irekietan. Bertan begirale bezala aritzeko pertsonen kontratazioari ekingo dio udalak. Begirale lanetan aritzeko beharrezkoa da adinez nagusia izatea kontratua sinatzean eta euskaraz jakitea. Lehentasun osoa izango dute aisialdiko begirale titulua dutenek. Adinez nagusia izatea eta euskaraz jakitea ere eskatuko dute. Bide batez, errolda, titulazioa, ikasketak, lan eskarmentua, euskara maila eta bestelakoak ere baloratuko dira kontratazioak egiterako orduan.

Hautagai bakoitzaren azken kalifikazioa merituetan lortutako puntuen batura izango da, horren arabera sartuko delarik hautagaien zerrenda. Zerrenda hau, udaleku irekirako begiraleak kontratatzeko ez ezik urtean zehar sortzen diren ordezkapen eta beharrei erantzuteko ere erabiliko da.

Aurten, aisialdiko begirale titulua lortzeko lehen praktikak egin nahi dituzten irurarrek eskaera goizpasa2020@gmail.com helbidean egin beharko dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!