Koronabirusa

«Frustrazioa, amorrua eta larritasuna jasotzen ari gara»

Ataria 2020ko api. 2a, 16:02

Irurako Udalak laguntza psikologikoa eskaini die koronabirusarekin senide bat galdu duten herritarrei; Karmele Gurrutxaga Bastida psikologoak dio entzuketa emozionala eta hurbiltasuna direla gakoa une zail hauetan.

Zortzi urte dira Karmele Gurrutxaga Bastida (Azpeitia, 1972) familia zaintzaileentzako laguntza programak gidatzen dituela, besteak beste Iruran. Bakarkako psikoterapia eta talde terapiak egiten ditu, mendekotasunarekin elkarbizitzen duten zaintzaleek eskertzen dute psikologoa bidelagun izatea, galera eta heriotzarako prestaketan eta ondorengo dolu prozesuan. Ez ohiko egoera honetan ere bere zerbitzuak eskainiko ditu.

Nola ikusten duzu Irurako Udalak martxan jarri duen ekimena?

Benetan eskertzekoa iruditzen zait garai berezi eta konplikatu hauetan zerbitzu hau eskaintzea. Azken hilabetea sekulako nahasmena eta harridurarekin hasi genuen, baina astetik-astera giroa gordintzen joan da askorentzat. Eta espero ez bezalako zaurgarritasuna azaleratzen joan da. Zer esanik ez heriotza hurbilean bizi eta nahiko genukeen agurtze-erritualak ezin egitean. Egoera hauetako heriotza-doluak hileta bera egitea baino haratago doa.

Zer nolako zerbitzua eskaintzen diezu zuk Covid-19agatik senide edo lagun bat galdu dutenei?

Irurako Udalaren ekimenez, ez-ohiko heriotza kopurua suertatu dela eta, dolu konplikatua ekidin ahal izateko laguntza berezia eskaintzea proposatu zen. Noski, doluaren aldapa hori norberak egin behar du ezinbestean, baina entzuketa emozionala eta hor gaudela, hurbiltasuna adierazteak bidea arintzen du.

Gaitzaren hedapena ekiditeko ezarri diren neurriek galarazi egiten dute dolua ohiko moduan egitea. Zein ondorio dakartza horrek?

Hasteko, lehendik gainean edo inguruan dugun beldur eta zirrarak are sentikorrago egiten gaitu, beraz, nahiz txaloka aritzerakoan sentitzen dugun esker ona, edo heriotzaren tristura eta galera nabarmen areagotzea guztiz naturala da. Hau guztia orokorrean; heriotza bizitzen ari diren sendietan berriz, tristurarekin batera, frustrazioa, amorrua eta larritasuna ere jasotzen ari gara. Alegia, galeraren pisuarekin batera ‘merezi bezalako agurra ezin egiteak’ aipatutako erreakzio hauek pizten ditu askotan; ez beti, zorionez, baina egoerak oso traumatikoak direnean, buruak badaki egia dela baina emozioak, bihotzak, ezin du onartu, eta nahasmen horretan, errudun baten behar inkontzientea sortzen da nolabait: adibidez, nork kutsatu ote duen, mediku edo profesional jakin baten ardura eza...

Dolu prozesu natural batek zein baldintza bete behar ditu?

Garai batean dolu naturala edo arruntaren aldiak eta denborak adierazten ziren; ni ez naiz etiketak eta neurriak jartzearen aldeko prozesua erabat partikularra eta pertsonala baita. Adinak, galdutako kidearekiko harremana, bestelako euskarri sozio-emozionalek nabarmen eragiten dute. Oro har, pertsona gehienak bizi dutenaren heinean, hasieran shock eta birkokatze aldi bat igaro behar da -benetan sinistu eta lurra hartzea-. Ondoren, haserre, erruduntasun edo emozio biziak sortzea ohikoa da, eta aurrerago, hau baretu ondoren, askotan, tristura eta nahigabea areagotzen da askotan. Behin baino gehiagotan esan didate, ‘nola liteke denbora pasa ahala okerrago egotea?'. Normalean pertsona pixkanaka indartzen ari da, baina hutsunearen bizipena areagotzen da, bene-benetan pertsona hori gabe bizitzea zer den gordinago sentitzen delako; eta bene-benetan ere gehiago itzuliko ez dela barneratzen delako. Horregatik okerrera joatearen sentsazioa. Denborarekin, tristurarekin batera, bizitzarekiko interesa pizten hasten da, berriro lehengo interesguneak bidera irteten hasiko balira bezala. Doluaren ibilbidea zuzena dela esan ohi da, galdutako pertsona hori kontutan izan eta faltan sentitu arren -batzuetan betirako izango da-, galeraren sentipena hain mingarria ez dela jabetzean. Pixkanaka, galera eta bizitzan aurrera egitea txandakatzen joaten den heinean.

Dolua baldintza horietan ematen ez bada zeintzuk izan daitezke ondorioak?

Lehen hilabete horietako sentimendu gogorrenak ekiditeko, anestesiatzen saiatzen bada, esaterako lan gehiago eginaz, etengabe ez pentsatzeko zereginak bilatzen... ezinbestean igaro beharreko aldapa horretan ez da aurrera egiten. Egia da norberak bere erritmoa duela, eta agian batzuetan gogorregia egiten da galera hori guztia liseritzen joatea. Orduan, sentimenduak ukatzen bizitzeak antsietatea areagotzen du, ez sufritzeko alerta egon behar baita. Aldiz, doluak ohikoa duen tristurak, energia galarazten digu, motelago gaude,hori arrunta eta ia osasuntsua da. Dena den, erabat amore eman eta tristurak bahitzen bagaitu, depresiorako joera sortu daiteke.

Bi joera horiek "aldaparen" arrisku ohikoenak dira, baina azpimarratu behar da dolua ez dela gaixotasuna. Sentimendu nahasi horiek prozesuaren berezko bizipenak direla; maila handiegian edo denbora luzez iraunez gero, orduan bai, dolu traumatikoa edo patologikoa deituriko horretara iritsi daiteke. Hitz edo balorazio hauek kontu handiz begiratu behar dira; ez da kolesterolaren ohiko neurria alderatzea bezain erraza, batez ere, esan bezala, sentimendu nahasiak izatea guztiz arrunta baita. Psikoterapian arrunta eta patologikoaren neurria zehaztea oso sotila da askotan. Denboran zehar norbere bizitza arrunta modu normalean burutzeko zailtasunak egotearen baitan baloratu dezakegu benetako patologia dagoen ala ez zehazteko.

Egoera honetan dagoen pertsona bati zein aholku emango zenioke? Laguntza profesionala beharrezkoa da?

Aholkua baino, ezinbestean egokitzen den lanketa, sentitzen den guztiari lekua egitea lehenik. Honek egonezina dakar askotan, egia da, baina bizipen hauek igarotzen joan ahala, egoera maneiatzen ari garenaren sentsazioa ere sortzen da. Honekin batera, gogorrarenak egiteko momentuak ez direla esango nuke; alegia, negar egiteko beharra sortzen denean horrela egitea, beti ere arintzen gaituela sentitu ondoren -ez hainbeste zurrunbiloan harrapatzen gaituen negar-lamentoa-. Biziki lagungarria da baita, galdutako pertsona hortaz hitz egitea, barrutik behar hori ate-joka sentitzean, ulertuko gaituen norbaitekin aritzea, zer esanik ez, egoera berdintsuan badago beste pertsona hori. Emozioei lekua egiteko, barruan korapiloan ez gelditzeko aukera paregabea da. Beste behar partikular batzuk ere izango dira, noski, baina oro har, hasteko hau guztia. Gainera, pertsona maite horrekiko agurtze-erritualak ere lagungarriak dia askotan: bere gauza pertsonalak txukuntzen, idatziak, aldare edo txoko bereziak sortzea... Eta batez ere, norberak sentitu ahala, barruak eskatzen dionari entzun, eta proba egitea ia hori lagungarria den. Hilerrira egunero bagoaz ere, ia seguru, denborarekin, tartekatzen joango gara. Denbora pasa eta egonezina mantentzen badoa, edo areagotzen bada, laguntza psikologikoa beharrezkoa izango da. Zenbaitetan bidean bertan ere lagundu dezake gauzak bere lekuan kokatzen joateko; baina bidea norberak egin behar duela ezin ahaztu.

Zenbait kasutan, familia bereko senide bat baino gehiago galdu izan dira koronabirusagatik. Trataera berezia behar dute kasu horiek? 

Une hauetan, ia guztia bilakatu da berezia; zer esanik ez heriotzak elkarren artean metatu eta nahi bezala agurtu ezin denean. Onarpena lantzeko zailtasun erantsia izan daiteke noski; eta egoeraren arabera, sentikorrago gauden heinean, elkar sostengatu eta norberak ahal duen eran, bat egin elkar-babesteko ere. Egoera traumatikoek ohikoa dute hasieran ondo egokitzea, lurra hartzen joateko espero ez bezalako indarra eta argitasuna adieraztea; egokitzeko estrategia emozional bat da. Denbora pasa ahala, hilabete edo bi, estres maila gutxitu ondoren, lehen ezkutatutako emozio horiek askatu diren, edo azaleratzen diren ikusten joan behar da. Eta noski, hasieran egokitu ezinik shock egoera badago, orduan bai laguntza psikologikoa behar dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!