Guztiak dira Irurako emakumeak. Noelia Lataburu Berdintasun zinegotziak aipatu du ekitaldi hori «inflexio» puntua izan zela: «Oso jendetsua izan zen eta giro berezia sortu zen. Ondorengo solasaldian argi geratu zen segida behar zuela kontu honek, ezin zuela mahai inguru horretan geratu. Udaletik poztu ginen emakumeen aldetik grina bazegoela eta ekimena bertako emakumeek hartua zutela ikusita».
Dinamikaren hasieran daudela aipatu du emakume taldeko Eider Goenagak. Aurrera begirako ekimenak antolatzerakoan taldea herriko emakumeentzat erreferentzia izatea lortu nahi lukete, «andreak ahaldunduko dituen espazio bat, autogestionatua, guk herritik bertatik gure neurrira gauzak antolatu ditzagun». Taldea dinamizatzeko sortu duten WhatsApp taldean 50 emakume baino gehiago daude. Belaunaldi ezberdinekoak dira, gainera. Myriam Aizpurua gazteak emakume taldeko kidea da: «Positiboa da eta interesgarria esperientzia ezberdinak dituzten emakumeen ikuspegiak biltzea taldean». Elkarrekin topatzeko guneak beharrezkoak dituen herri batean, horrelako espazioak ahalbidetzea garrantzitsua iruditzen zaio Aizpuruari.
Aintzane Agirre Irurako ludoteka eta gaztelekuko hezitzaileak ere «emakumeak elkarrekin harremantzeko gune baten beharra» azpimarratu du. Agirre ariko da emakume taldearekin harremanetan eta udalak kontratatutako enpresa baten aholkularitza jasoko du, berdintasun alorrean formazioa jasotzeko. Lataburu zinegotziak azpimarratu duenez, udal gobernuarentzat ardatzetako bat da parekidetasuna eta ahalegina egin nahi dute alor honetan: «Beste herrietako esperientziak ezagutu eta baliabideak ere jarri ditugu gai hau herrian lantzeko. Aurreko aurrekontuan sail honi bideratutako kopurua hirukoiztu dugu».
Goenagak eskertu egin du udalak taldearekiko agertu duen konpromisoa eta besteak beste Aste Morea (*ikusi egitaraua 24-26 orrietan) antolatzeko eman duen babesa. Hala ere, iniziatiba herriko emakumeei dagokiela argi utzi nahi izan du. Martxoaren 8aren bueltakoak antolatzen eman dituzte azken asteak eta egitarau oparoa prestatu dute. «Orain pultsu honi eutsi nahi genioke, tentsioa mantentzeko zenbaterainoko giharra dugun ikusi nahi genuke; gure taldea ez da anbiziotsua eta seguru aski ezingo diogu urte guztian oraingo lan dinamikari eutsi, baina behintzat sortu dugun espazio hau ez dezagun desegiten utzi».