Aurrekontu parte hartzailerako proposamenak aurkezteko epea zabalik

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 5a, 11:57

Proposamena egiteko aukera izango da martxoaren 2tik martxoaren 28ra arte. Udaleko harrera bulegoan, Irurako udalaren webgunean, telefono mugikorrean jasotako formularioan, kulturguneko eta Trinketeko postontzietan eta martxoaren 28ko bileran egin ahal izango dira proposamenak.

Irurako Udalak 2020an 30.000 euro erreserbatu ditu herritarrek egindako proposamenekin inbertsioak egiteko. Aurkeztutako proiektu hauek irurarren interes orokorrari erantzun beharko diote. Gainera, udalaren konpetentzia izatea, teknikoki bideragarria, aurreikusitako diru kopuruarekiko bateragarria eta inbertsio izatera edukitzea dira proposamenak bete beharko dituen baldintzak.

Udalak martxoaren 28ko bileran jarri du arreta. 11:00etatik 13:30era egingo da eta norberak bere proposamenak beste herritarrekin konpartitzeko aukera izango baitu. Balorazio mahaiaren emaitzak publiko egin eta gero herritarrek proiektu ezberdinen inguruko informazioa jasoko dute eta azken erabakia bozketa bidez ebatziko da. Modu presentzialean egingo da apirilaren 23an eta 24an harrera bulegoan (09:00 - 14:00) eta apirilaren 25ean herriko eskolako gela borobilean (11:00 - 13:00).

Boto gehien lortu dituen proiektua exekutatuko beharko du derrigor udalak. Proiektu irabazlea exekutatzeak prozesu honetara bideratutako kopuru osoa ez gastatzea suposatuko balu, boto emaitzen hurrenkera jarraituta proiektu gehiago exekutatuko dira, 30.000 euroko kopurua amaitu arte, beti ere irabazi ez duten proiektuen boto kopuruaren artean %10eko babesa lortu badute gutxienez.

Udalak bere komunitatean herritar "konprometituak" sortzea lortu nahi du prozesuarekin: "Elkarlana eta lankidetza, gardentasuna, lehentasunak markatzea, aniztasun inklusiboa, talde edo komunitate ikuspegia, erabakiak hobetu, zilegitasuna bermatu eta harreman molde berriak sortzea da gure asmoa".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!