Herriko eraikinen erabileraren inguruan galdetuko zaie irurarrei

Jon Miranda Labaien 2020ko ots. 19a, 19:59

Udaletxea, Zaharretxea zena eta haur eskolaren gaineko lokala zein beharretarako erabili erabakiko dute; 30.000 euro zertan erabili erabakitzeko herritarrei galdetuko die udalak.

Herritarrekin batera egin nahi dute bidea eta aurreko legealditik datorren afera bat irurarrei galdetuta ebatzi nahi dute. 2015 - 2019 legealdian udal gobernuak udaletxea berritzeko proiektua aurkeztu zuen jendaurrean. Gorka Murua egungo alkatearen hitzetan, «erabakitakoa jakinarazi baino ez zuten egin, parte hartzea prozesua baino gehiago, gizarteratze prozesua izan zen hura». EH Bilduk gidatutako udal gobernu berria bat dator udaletxeko eraikina berritzearekin, «zaharkituta dagoelako eta irisgarritasun irizpideak betetzen ez dituelako». Muruaren ustez, ordea, aldea dago berritze proiektu batzuen eta besteen aldean: «Aurreko udal gobernuak aurkeztutakoak udaletxeari beste solairu bat eransten zion eta atzealdetik zabaltzea proposatzen zuen. Kostu handiko lana zen eta hurrengo hamarkadetan ekonomikoki baldintzatzen zuen udala».

Hala ere, udal gobernu berriak ez du proiektu hori baztertzen. Hasierara itzuli eta herritarrei galdetuko die nola eta zertarako berritu nahi duten udaletxea. Parte hartzea zabaldu eta herrian hutsik dauden beste bi eraikinen erabileraren inguruan galdetzeko baliatuko dute prozesua: «Zaharretxe taberna egoen lokala hutsik dago eta baita haur eskolaren gaineko solairua ere. Herrian zein behar dauden identifikatu nahi dugu prozesu honetan eta mahai gainean jarri udalak duen ahalmen ekonomikoa». 2020ko aurrekontuan, inbertsioen atalean, 15.000 euro gorde dituzte prozesua dinamizatuko duen enpresa kontratatzeko. Uda aurretik hartu nahi dute azken erabakia eta tarte honetan, online bidez parte hartu ahal izango da prozesuan, postontziak jarriko dituzte herrian, bilerak egin eta aipatutako hiru eraikinetara bisita gidatuak egingo dituzte. Aurtengo aurrekontuan ez da gorde, printzipioz, eraikinetan obrak egiteko diru partidarik, baina Muruak uste du, udaletxea berritzeko, esate baterako, mailegua eskatu beharko duela udalak. Hala ere, nabarmendu du, udal altxortegiaren egoera «ona» dela eta gaur egun zor guztiak kitatu dituztela.

Hain zuzen, herritarren ahalduntzearekin jarraituz, aurrekontuaren 30.000 euro zein inbertsioetara bideratu erabaki ahal izango dute irurarrek. Parte hartze prozesu hau, udaleko baliabideekin egingo dute, otsailaren 29tik apirilaren 25era eta modu presentzialean edota online zein obra egin proposatu ahal izango dute herritarrek. Ondoren, proposamenak udaleko bulego teknikotik pasa eta bideragarriak diren edo ez baieztatu ondoren, boto bidez erabaki ahal izango dute zein proiektu gauzatu 30.000 euro horiekin.

HONDAKINEN KUDEAKETAZ

Alkateak kezka agertu du beste gai batekin. Irurak du hondakinen gaikako bilketa tasa kaskarrena eskualdean eta tasa horrek 12 puntutan egin du behera sistema aldatu zutenetik, %61 ingurukoa da, gaur egun. «Prebentzio kanpaina bat jarri nahi dugu martxan, datu hauek eragina dutelako udaleko ekonomian. Organikoaren edukiontzian inpropio asko agertzen dira eta ez digute hondakin hori konpostaje plantetan onartzen; errefusera bideratu behar izaten dugu eta hortaz tratamenduak gastu handia dakarkio udalari», dio Muruak. Tasa horiek hobetzen ahalegina egingo du udalak prebentzio kanpainekin, eta emaitzak lortzen ez badira neurri zuzentzaileak hartu beharko direla ohartarazi du alkateak. Besteak beste, lan horretarako ingurumen teknikaria kontratatu berri du udalak. Hondakinen gaian erreparatzeaz gainera, energiaren alorrari ere heldu beharko dio langileak. Udal eraikinen eta argiteria publikoaren energia azterketa egin eta efizientzia energetikoaren alorrean urratsak emango ditu Irurako Udalak. Azterketa egiteko, adibidez, 15.000 euro jarri ditu aurtengo aurrekontuan.

Berdintasuna da, Muruaren esanetan, udalak bultzatu nahi duen beste alorretako bat. Bi eginkizun azpimarratu ditu: Farapi kooperatibak gauzatu zuen berdintasun plana inplementatzea eta gai hau daraman udal teknikariaren formazioan inbertitzea. 18.000 euro gastatuko dituzte gai honen inguruko aholkularitza jasotzeko. Gainera, herrian lehen pausoak ematen ari den emakume taldea lagunduko dute diruz eta jaietan indarkeria sexistaren aurkako protokoloa osatuko dute udal teknikari, herriko eragile, merkatari eta tabernariekin.

ETXEBIZITZAK ETA TRAFIKOA

Beste bi azterketa egin nahi ditu Irurako Udalak epe motzera. Alde batetik, etxebizitza hutsen inguruko katalogo bat osatu nahi du eta jabeekin hitz egin, etxe horiek zergatik ez dituzten merkaturatzen jakiteko. «Bitartekari lana egin nahi du udalak», esan du Muruak. Aurretik egin bezala, gazteen etxebizitza alokairua sustatzeko 5.000 euroko partida bat gordeko da aurrekontuan.

Beste 17.000 euro ere erabiliko dituzte herriko trafikoaren inguruko diagnostikoa egingo duen enpresa kontratatzeko. Egunean 6.000 ibilgailu pasatzen dira herri erdi-erditik, Irura zeharkatzen duen errepidetik, eta horrek «kezka handia» eragiten dio udalari, segurtasunean eta kutsaduran duen eraginagatik, besteak beste. Herriko eragileekin aurre diagnostiko bat burutuko da, eta ondoren, kontratatutako enpresako, udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariekin batera soluzioak bilatuko dira. «Orain arte eskaerarekin eta arazoaren berri emateko joan izan gara aldundira. Orain, esku artean txosten bat dugula joan nahi dugu, denen artean adostutako irtenbideak mahai gainean ditugula», esan du Muruak. Hirigintza arloan obra garrantzitsuak egingo ditu udalak 2020an. Besteak beste Peio Arrese urbanizazioa egokitzeko 150.000 euro bideratuko ditu, irisgarritasun plana egiteko 17.000 euro jarriko ditu eta kirol anitzeko gunea sortzeko 100.000 euro gordeko ditu. Oposizioak, zuzenketen bitartez egindako lau proposamenetik hiru ere txertatuko dituzte aurtengo aurrekontuan: Komun publiko bat ipintzea; oposizioko taldeak gela bat edukitzea udaletxean; eta herriko saltokietan erosketak bultzatzeko, bonoak ateratzea. Talde politikoei dietak ordaintzea ere eskatu du zuzenketetako batean EAJk, baina honi ezezkoa eman dio EH Bilduk, «legealdi hasieran azpimarratu bezala, lehentasunak beste batzuk direlako».

Muruak, hala ere, «harrituta» hartu du oposizioak aurrekontuaren aurka bozkatzea, ikusita EAJren proposamenen %75 txertatu dutela aurrekontuan: «Ez dugu ulertzen zergatik jarrera hori osoko bilkuran, eurek ere ikusi baitute Ogasun batzordean eztabaidatu ditugula egin dituzten proposamenak. Hori da adostasunak bilatzeko gunea. Iruditzen zaigu itsusia dela plenoan agertutako jokaera hori eta egiaztatzen dugu adostasunera iristeko talde jeltzaleak ez duela borondaterik. Elkarlanari ateak ixten dizkiotela ikusteak kezka eragiten digu».

Inoizko sozialena 2.406.500 euroko aurrekontua onartu du Irurako Udalak 2020rako, eta kopuru horretatik 377.500 euro bideratuko dira inbertsioetarako. Aurrekontu «ona» dela azpimarratu du alkateak eta gizarte arloan aurrera pausoak emateko balioko duela. «Besteak beste, gizarte zerbitzuen inguruko informazioa ematen duen gida kaleratuko dugu eta adineko pertsonak bizi diren etxeetan ke detektagailuak jarriko ditugu; Gainera euren seme-alaben irteerak eta eskolaz kanpoko ekintzak ordaintzeko zailtasunak dituzten familiak lagunduko ditugu diruz eta ordenantza bat aterako dugu errenta baxuko familiek haur eskolako matrikula erraztasun handiagoarekin ordain dezaten». Kultur eskaintzari dagokionez, orain arte egiten diren ekintzak indartzeko asmoa du udal gobernu berriak eta urte osora zabaldu nahi du eskaintza. Besteak beste, tabernetan ikuskizunak sustatzeko 5.000 euroko partida bat jarriko du eta herriko eragileek antolatzen dituzten ekintzak koordinatzeko mahai bat osatuko du. Herritarrekiko komunikazioan sakontzeko, gainera, kanalak indartuko dituela iragarri du Muruak, besteak beste, herriko informazioa jasotzeko mugikorretarako aplikazioa sortuko dute aurki.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!