Kale jolas autonomo eta aktiboa sustatzeko saioak

Ataria 2020ko urtarrilaren 24a

Gipuzkoako Foru Aldundiak Irurako Udalarekin batera parte hartze prozesua jarri du abian herrian gogoeta bultzatzeko.

Jolasak berebiziko garrantzia du haurren garapenean, garapen motor, intelektual, emozional eta sozialerako baliabideak eskaintzen baitizkie. Gipuzkoako Foru Aldundiak Irurako Udalarekin batera parte hartze prozesua jarri du abian, ikusi baitu, geroz eta helduen gidaritza gehiago eta autokudeaketarako aukera gutxiago dituztela haurrek; horrekin batera, joko antolatuak eta kirolak bat-bateko jolasen lekua hartzen ari dela uste du, ondorioz, kirol kantxa eta jolas parke «seguruen» aurrean, naturagune, enparantza eta kaleek lekua galdu dute. Gipuzkoako haurrak gero eta «sedentarioagoak» direla baieztatu du aldundiak.

Asteazkenean abiatu zuten parte hartze prozesua Iruran, plazako herri eskolan egindako bilerarekin. Otsaila bukatu bitartean beste bi bilera egitea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Batez ere, 0 eta 10 urte bitarteko haurren gurasoei dago zuzenduta ekimena, baita eragileei ere, hezitzaile, entrenatzaile eta begiraleei. Hurrengo hitzordua, otsailaren 10ean izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Hamar urte bitarteko haurren artean bat-bateko kale jolas autonomoa eta aktiboa sustatzea da ekimenaren helburua. Egingo diren bileretan gisa honetako galderei erantzuna ematen saiatuko dira: «Nolakoak izan behar lukete gure haurren jolasek? Eta Iruran, non eta nola egiten dute jolas? Neskek eta mutilek berdin jolasten al dute Iruran? Irurako familien bizi baldintzek nola baldintzatzen dute beren txikien aisialdia? Zein dira eta non daude oztopoak eta baliabideak Iruran? Zer aldatu beharko litzateke? Zer eskatzen dugu, eta nori? Eta zer egin dezakegu guk?».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!