"Hobe da aberriaren alde hiltzea basamortuan hiltzea baino"

Leyre Carrasco 2019ko abe. 19a, 11:58

Fronte Polisarioak Saharako askapen mugimenduaren 15. Biltzarra egingo du gaurtik astelehenera; erreferendumerako data zehaztean dagoela konponbidea dio.

Mendebaldeko Sahara Marokoren menpe jartzeko helburuarekin, 1975. urtean, Ibilaldi Berdea gauzatu zen. Bost urte geroago, Hassan II.a Marokoko erregea Lotsaren horma izenekoa eraikitzen hasi zen. Geroztik Sahara hiru zatitan banatuta geratu da: alde batetik, Sahara okupatua deritzona dago, bestalde askea eta azkenik, Aljerian kokatutako errefuxiatuen kanpalekuak. Said Boushadek 16 urte zituenean Ibilaldi Berdea gertatu zen, eta bere lurraldea utzi eta errefuxiatuen kanpalekuetara joan behar izan zuen. Duela 16 urte kanpalekuak utzi eta bere familiarekin batera Espainiara joan zen. Bertako hainbat herritan bizi ostean, duela 6 urte Euskal Herrira etorri zen, eta gaur egun Iruran bizi da. Tolosaldea Sahararekin elkarteko kide izatearekin batera, Gipuzkoako Saharar Kolektibo Elkarteko Lehendakaria da.

Espainiako Gobernuak Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara ez hurbiltzea gomendatu du, segurtasun falta argudiatuta. Zergatik?

Sahararrok ez dugu Espainiako Gobernutik ezer onik espero, Marokoren konplizea baita. Espainiako Gobernuak errefuxiatuen kanpalekuetan eraso terrorista izateko arriskua zegoela esan zuen, baina, ez da horrela. Sahararrak ez gara terroristak, eta errefuxiatuen kanpalekuetan ez dago segurtasun faltarik. Sahararrak estatu terrorismoa jasaten ari dira, eta Espainiako Gobernuak ez du ezer esaten. Venezuelako eta Kubako giza eskubideak defendatzen ditu, baita inguruko beste hainbat herritakoak ere, baina, sahararrenak ez. Hori bai, segurtasun ezaren mezua zabaldu nahi izan badute ere, jendea lehen baino indar handiagoz joan da kanpalekuetara. Eta, orain Espainiako Gobernuaren zain gaude, ezkerreko gobernua izango dela esaten baitute, beraz, ikusiko da betetzen den ala ez.

Fronte Polisarioak 15. Biltzarra egingo du gaurtik astelehenera. Zer erabaki hartuko dituztela uste duzu?

Saharar guztiok itxaropen handia dugu irtenbideren bat adostu dezaten. Elkartetik bi ordezkari izendatu ditugu kongresuan parte hartzeko, eta egin behar dutenari buruz gure iritzia emateko. Espero dugu konponbidea ez geratzea NBEren eskuetan, gaia berrikusteko ordua baita. Egoera honetatik ateratzen lagunduko digun irtenbidea behar dugu, bakea sinatuz, erreferenduma egiteko eguna zehaztuz. Hori ez bada ematen, gerrara itzultzea aurreikusten dugu, inori mesederik egiten ez dion arren. Gainerakoan, eskuak gurutzatuta izango gaituzte basamortuan, eta hobe da aberriaren alde hiltzea, basamortuan hiltzea baino.

Non burutuko da biltzarra?

Tifaritin egingo da, Mendebaldeko Saharan dagoen lurralde askean. Biltzarra Fronte Polisarioak duen indarra erakusteko edo presioa egiteko modua da. Aipatu moduan, aske dagoen eremua da, eta sahararrak bizi dira bertan, baina, Marokok ez du nahi eremu horretan bertakoak finkatzea, pixkana bereganatu egin nahi dituztelako. Une honetan, beraz, Tifariti Saharako hiriburua izango litzateke, askeen dagoen eremua hori baita.

Oraingo Saharako egoera politikoa nola azalduko zenuke?

16 urteko gerra bizitzea egokitu zitzaigun. Horren ostean, NBE sartu eta bake-su-etena adostu zuen 1991. urtean. Baina gatazkak jarraitu du eta konponbide baketsuaren bila aritu gara. Baina pazientzia agortzen ari zaigu. Izan ere, 28 urte eta gero, NBEk ez du irtenbiderik aurkitu, eta Fronte Polisarioak, erbestean hezitako belaunaldiak ditugula kontuan hartuta, irtenbidea nahi du. Gureak diren lurrak itzultzeko eskatzen ari gara.

Zer baldintzatan bizi dira errefuxiatuen kanpalekuetan?

Oso baldintza zailak dira. Hutsuneak asko dira, eta batik bat, elikagaiei eta hezkuntzari dagozkionak. Basamortuan, inor bizi ezin daitekeen basamortuan, egoera txarrean bizi da jendea. Gizarte antolaketagatik ez balitz, inork ezingo luke hor bizi. Pentsa, urik gabe, udan 50 gradura iristen den lekuan, edota neguko tenperatura gogorretan haimetan edo adobezko etxeetan. Neurri handi batean nazioartetik iristen den laguntzarekin bizi da jendea, bertan ezin baita ezer ekoiztu. Kanpotik bidaltzen dituzten laguntzetatik jaten du jendeak. Hezkuntzari dagokionez, inguruko herrialdeetara joaten dira bertan ikasi eta titulu bat izan dezaten. Baina ikasketak amaitu eta itzultzen direnean, konturatzen dira kanpalekuetan horrek ez diela ezertarako balio. Egoera, alderdi guztietatik, etsigarria da.

Zure kasuan, hona bizitzera etortzea erabaki zenuen.

Hainbat urte hemen bizi ostean, hemengo bizimodua Saharan daukaguna baino hobea dela ikusi nuen. Batez ere, haurren hezkuntzari dagokionez. Errefuxiatuen kanpalekuetan bizi ostean, gainerako guztia oso erraza egiten zaizu. Emigratzea zaila da, baina emigrazio batetik bestera gabiltza, errefuxiatuak garelako. Aurreko emigrazio batetik gatoz; gure etxea eta lurraldea okupatutako eremuetan utzi ostean, errefuxiatuen kanpalekuetara joan behar izan genuen, eta urte askoan bertan bizitzea egokitu zaigu. Egoera oso zaila da han, eta horregatik etorri gara hona, gure ondorengoek bizitza hobea izan dezaten.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!