Omenaldia xareari eta xare jokalariei

Ataria 2019ko abe. 14a, 19:36

Irurara xarea iritsi zela 100 urte bete direla-eta ospakizunetan dabiltza herrian. Tartean, omenaldia egin diote Munduko Txapelketetan aritu diren xarelariei eta Ametsa Pilota Elkarteari. Bestetik, lehen mailako ligaren finalerdiak jokatu dira, eta Joxi Lopetegi herritarrak Mikel Funosasekin batera finalerako txartela lortu du.

Goi mailako xare partidak ikusi dira gaur arratsaldean Irurako Ametsa trinketean. Iparraldeko lehen mailako ligaren finalerdiak jokatu dira eta bertan finalerako txartela lortu du Lopetegi-Funosas bikoteak De Paredes-Etxebeste bikoteari 40-27 irabazita. Beste finalerdian, Driolet-Sistiague bikoak lortu du finalera pasatzea Harispe-Karrikaburu bikoteari 40-34 irabazita.

Espero baino errazago irabazi dute partida Lopetegik eta Funosasek. "Bagenekien atzean lana egin behar genuela, eta Etxebesteren egunaren arabera izango zela partida. Egun txarra bazuen partida erraz dominatuko genuela uste genuen", esan du Lopetegik. Funosasek gaineratu duenez, "huts asko izan dira partidan, eta gero horrelako partidetan erritmoan sartzea zaila da. Partida ez da oso polita izan, baina tanto batzuk ikusgarriak izan dira. Eta Joxik esan duena, giltza atzean genuen, aurrelariari pilota kentzea". Bestalde, Funosasek azaldu du Irurako trinketean jokatzera ez daudela ohituta, eta Etxebestek hori ere nabaritu duela. Driolet eta Sistiagueren aurka datorren larunbatean jokatuko dute finala, Senperen. "Finala zaila izango da. Gaur baino askoz hobe jokatu beharko dugu", esan du Funosasek.

Lehen aldia izan da Iparraldeko lehen mailako ligaren partida ofizialak jokatu direla Iruran. Lopetegik azaldu du "gustura" aritu dela herriko trinketean: "Denoi gustatzen zaigu jende askoren aurrean jokatzea. Herrian izanik, oso gustura".

Partiden ondoren, Tolosako Udaberri dantza taldeak emanaldia eskaini du eta ondoren iritsi da Munduko Txapelketetan parte hartu duten xare jokalari irurarrei zein Ametsa pilota elkarteari oroigarria banatzea. Aukera berezia izan da xareak eta Irurak historian zehar izan duten lotura irudikatzeko.

Ondorengoak izan dira oroigarria jaso dutenak: Juanito Olano, Martxel Olano, Joxe Gabarain, Martin Agirrezabalaga, Gregorio Ameztoy, Julian Larrinaga, Josetxo Olano, Eugenio Arrieta, Mikel Uzkudun, Iñaki Mercader, Iñax Iturbe, Ramon Anton, Manolo Molina, Jose Antonio Morcuende, Juanjo Sainz, Jose Luis Larrarte, Juantxo Larrarte, Aitor Artola, Joxi Lopetegi, Josu Olano, Lander Artola, Andoni Lizaso, David Vinuesa, Jordi Lajas, Urtzi Urkola, Ugaitz Mendizabal, Erik Iñurrita, Axier Gutierrez, Unai Sarasola, Julen Apeztegia eta Ametsa Pilota Elkartea. Pilotariek edota senideek jaso dute oroigarria.

Gaurko egunari herri afariarekin eta erromeriarekin emango diote bukaera. Afaltzeko 165 pertsona elkartuko dira frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!