Udalaren hizkuntza konpromisoak

Jon Miranda Labaien 2019ko abe. 13a, 11:59

Irurako Udalak euskararen eta gaztelaniaren erabilera arautzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko hitza eman du eta hamaika puntu dituen konpromiso zerrenda aurkeztu du jendaurrean.

Udalerrietan euskara sustatzeko neurriak hartzeko eskumena ematen zien udalei 2016ko Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak. Duela gutxi 179/2019 Dekretua argitaratu da, lege hori garatzeko, Idoia Olano Irurako Euskara teknikariak dekretuarekin lortu nahi diren bi helburuak laburbildu ditu: «Alde batetik toki-entitateen euskararen eta gaztelaniaren erabilera instituzional eta administraboa arautzea; eta bestetik, herritarrei hizkuntza eskubideak bermatzea toki-administrazioekiko harremanetan».

Uemako parte da Irurako Udala 1999. urtetik eta euskara teknikariak gogoratu duenez, udalerri euskaldunen erabateko hizkuntza normalizazioa lortzea eta udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzeko helburua du mankomunitateak, udalerri euskaldun horiek osatzen duten euskararen arnasgunea saretu eta zaintzearekin batera.

Honenbestez, Irurako Udalak hizkuntzari buruz hartu dituen konpromisoen berri eman die herriko eragile guztiei publikoki, eta hemendik aurrera jarraituko dituen hizkuntza irizpideak adierazi dizkie herritarrei. Horretarako, Irurako herri eskolako gela borobilean batzarrak egin zituzten asteartean, aurrena euskaraz eta ondoren gaztelaniaz. Olanok jakinarazi duenez, irizpide hauek guztiak urtarriletik aurrera jarriko dituzte indarrean eta horretarako udal langileekin lanketa berezia egingo dute.

Zergatik konpromisoak?

Irurako Udalak hartu dituen hizkuntza konpromisoak zergatik hartu dituen azaldu du Maier Ugartemendia Uemako Tolosaldeko arduradunak: «Irura udalerri euskalduna delako, biztanleen %74k euskaraz badakielako eta %84 euskara ulertzeko gai delako, kalean entzuten diren elkarrizketetatik %78 euskaraz direlako, eta, hala ere, ezagutzak eta erabilerak beheranzko joera hartu duelako eta joera hori gelditu eta aldatu behar dugulako». Ugartemendiaren esanetan, hizkuntza normalizatzeko bidean, «behar-beharrezkoa» da haren aldeko neurriak hartzea eta euskarari «estatusa eta zilegitasuna» ematea.

Uemako arduradunak esan du Irurako Udalak konpromiso hauek hartuz, hizkuntza ekologia garatzen duela, «galtzeko arriskuan dagoena zainduz». Aniztasuna, berdintasuna eta elkartasuna bezalako balore etikoak indartu beharraz hitz egin du eta esan du udalak eredugarri izan behar duela euskaraz bizi gaitezkeela erakusteko. «Non bestela?», galdetu du Ugartemendiak, «udalak konpromiso hauek hartu ditu, Irura arnasgune delako eta gune hauek ardura berezia dutelako hizkuntzari eusten eta hizkuntza zabaltzen». Eskualde osoa arnasgune sendoa izateko bidean jarri beharraz hitz egin du Uemako ordezkariak eta inguruko hainbat herritan horretan ari direla azpimarratu du. «Ez ditugulako inoren hizkuntza eskubideak urratzen. Euskara ofiziala delako, lagunarterako ez ezik, administrazioko eta politikagintzako hizkuntza delako», gaineratu du Ugartemendiak.

Leti Aristi zinegotziak eman ditu Irurako Udalak hartu dituen konpromisoen berri eta euskara teknikariak aipatu du irizpide hauez gain, aurrerantzean sor daitezkeen egoeren aurrean, «euskara lehentasunezkoa izatea» bermatuko dela.

Gainera, 2020an Euskaraldiaren bigarren edizioa izango dela gogoratu du Olanok. «Berrikuntza batekin dator, herritarrek parte hartzeaz gain, mota guztietako entitateek parte hartu ahal izango dute: erakunde publikoek, gizarte eragileek, enpresek, kooperatibek, kultur eta kirol elkarteek... Entitate horiei konpromiso batzuk eskatuko zaizkie. Irurako Udalak, noski, parte hartuko du Euskaraldian, baina gaurtik bertatik hasi nahi du konpromisoak hartzen».

Udala, herriko eragile askorekin elkartu da azken aldian eta haien babesa jaso dutela aipatu du euskara teknikariak. «Eskerrak eman nahi dizkiegu guzti-guztiei». Irurako Ikastolarekin, Irurako Euskaraldia taldearekin, Irura Bizi elkartearekin, Ametsa Xare elkartearekin, Eguzki Txoko jubilatuen elkartearekin, Eguzki Goxo abesbatzarekin, Irurako Gazte Asanbladarekin, Gazte Alaiak elkartearekin eta Lats dantza taldearekin bildu da udala azken asteetan. 

Hizkuntza konpromisoak

1. Errotulu, ohar, seinale eta gainerako komunikazio orokorretan euskara erabiliko da, piktograma eta irudiez lagunduta, denentzat ulergarriagoa izateko.

2. Karteletan euskara erabiliko da beti, piktograma eta irudiez lagunduta, eta plazako panelean ele bietako eredua jarriko da.

3. Udalerrian zabaldu beharreko agirietan euskara erabiliko da beti.

4. Bereziki zainduko da udaleko agirietan hizkuntza kalitatea, eta hauek argiak eta ulergarriak izan beharko dute. Udalak kontuan hartu beharko du zeinek jaso behar duen agiri hori, eta horretara egokitu beharko du.

5. Irurako zenbait kolektibori zuzendutako idatziak ele bietan joan daitezke, adibidez, xede taldearen gehiengoa erdal hiztuna denean.

6. Ekitaldi publikoetan edota prentsaurrekoetan udalaren izenean aritzen den edozeinek euskarazko gaitasun egokia izatea bermatuko du udalak. Hartara, ekimen horietan euskara erabiliko da beti.

7. Webgunea euskaraz irekiko da, eta euskaraz nabigatzen ari denari informazio guztia lehenengoz euskaraz bistaratuko zaio. Webgunean informazioa ele bietan eskuratu daiteke, beste hizkuntza hautatuz gero.

8. Udalak sare sozialetan euskara erabiliko du.

9. Kaleko pantaila argidunean euskara erabiliko da.

10. Etxera bidaltzen diren agirien kasuan euskara erabiliko da (jakinarazpenak, baimenak, dekretuak…), eta ulertzen ez duenari azalpenak emango zaizkio.

11. Herritarrek euskaraz idatzitako eskaerei udalak euskaraz erantzungo die, eta gazteleraz idatzitakoei ele biz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!