Ikasturtea abiatuko dute Irurako ludotekan eta gaztelekuan

Ataria 2019ko urriaren 16a

Udaleko haur, nerabe eta gazteen sustapen sailak, parte hartzeko gonbidapena luzatu die herriko haur eta nerabeei.

Irurako Ludoteka herriko 4 eta 11 urte bitarteko haurrei dago zuzendurik eta gaztelekua, berriz, 12 eta 17 urte bitartekoei. Peio Arrese-Igor kalean dagoen kultur gunean kokatuta daude bi zerbitzuak. Herriko haur eta nerabeei aisialdiaren bitartez eta hezitzailearen laguntzarekin euskaraz, modu aktiboan eta parte hartzea sustatuz, gozatzeko eta garatzeko aukera ematea da ludotekarekin eta gaztelekuarekin bultzatu nahi duten helburua. Irurako Udaleko haur, nerabe eta gazteen sustapen sailak, hauen beharretara egokitutako gune hauetan, jarduera programa zabal eta askotarikoa eskainiko dela dio. «Haurrak eta nerabeak, gure zerbitzuan goza dezaten, tailerrak, talde jokoak, irteerak, familientzako tailerrak eta abar antolatzen dira».

Haurren zerbitzua, astearte, asteazken eta ostegunetan zabalduko da 16:30etik 19:00etara eta adinaren arabera bi txanda bereiziko dituzte. Nerabeen zerbitzua, berriz, ostiral eta larunbat arratsaldeetan egongo da zabalik. Zerbitzu hauez gozatu ahal izateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea eta Irurako haur eta nerabeek horretarako aukera ikasturte osoan dute, www.irura.eus webgunean, online.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!