Haur eskola berriak aukera berriak eskaini dizkie haurrei

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 9a, 09:42

Irurako haur eskolak urtebete egin du egoitza berrian eta lekualdaketarekin «pozik» agertu dira zerbitzuaren erabiltzaile diren familia eta umeak.

Haurrak jolasaren eta mugimenduaren bitartez deskubritzen du mundua eta bere neurrira egokitutako ingurune aberats bat edukitzeak laguntzen dio bere gaitasunak garatzen. Bizitzako lehenengo urteetako bizipenek eta harremanek eragina izango dute etorkizunean. Irurako haur eskolak iazko irailean aldatu zuen kokalekua eta lekualdatze honek hainbat abantaila fisiko eta arkitektoniko ekarri dizkie, bai zerbitzuaren erabiltzaile diren haurrei, baita bertan lan egiten duten profesionalei.

Espazio argitsuak eta goxoak ditu haur eskolak. Zoru erradiatzailea, umea utzi edo jasotzeko kotxea uzteko lekua, inguruan duen kanpo espazioa eta eskola aldamenean dagoen parke estalia aipatu dituzte hezitzaileek: «Kanpora ateratzeari garrantzia handia ematen diogu eta ahal dugun guztietan kanpo espaziora ateratzen gara. Eguraldiak ez du zertan baldintza izan behar, haurrak babesteko petoak erabiltzen baititugu, lurra bustia edo hezea dagoenean». Hezitzaileak saiatzen dira umeek kanpoko elementu natural ezberdinekin, urarekin, lurrarekin, harriekin, hondarrarekin esperimentatu dezaten, «lasaitasunean eta norbere erritmora».

Kanpoko espazioaz gainera, bi gela ere badituzte eta mugimendurako, esperientaziorako eta atseden hartzeko altzariak eta materialak daude, guztiak adin hauetako haurrei egokitutakoak. «Errespetuzko metodologia hartzen dugu oinarritzat, haur bakoitzaren beharrak eta nahiak modu indibidualean asetuz. Kalitatezko zaintzari berebiziko garrantzia ematen diogu, bakarkako hartu emanak bultzatuz».

Haurra ardatz hartuta egiten dute lan Irurako haur eskolan, familiari eta inguruari irekita, baina umea protagonistatzat hartuta. Mugimendu aske eta jarduera autonomoa lehenetsiz, segurtasun emozionala bermatu eta gozamena balioesten duen haur eskola ekintzailea da Irurakoa. Ateak zabalik dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!