Larronde eta Moncada, I. Xare Irekiko txapeldunak

Ataria 2019ko urriaren 1a

40-34 irabazi zieten Driolet eta Etxeverriri. Finalaren aurretik nesken xare partidak jokatu ziren lehen aldiz.

Berriro ere itzuli da goi mailako xarea Irurako Ametsa trinketera. I. San Migel Xare Irekiaren finala jokatu zen larunbatean, festen barruan, eta irabazleak Larronde eta Moncada izan ziren. 40-34 gailendu ziren Driolet eta Etxeverri bikoteari.

Jendetza elkartu zen trinketean partida ikusteko. Hasiera batean Driolet eta Etxeverri jarri ziren aurretik, eta 30. tantora arte 4 eta 5 tanto inguruko tartea ateratzen zien aurkariek. Baina Etxeverriri nekeak eragiten hasi zitzaion eta Larrondek eta Moncadak buelta eman zioten markagailuari. Partidaren azken partea erraz eraman zuten, txapela jantziz.

Ostiralean jokatu ziren finalerdiak eta finalera ez zen pasa irurarrik. Apeztegia irurarrak eta Funosasek galdu egin zuten beren norgehiagoka. Bestalde, Lopetegi irurarra lesionatu egin zen txapelketa hasi aurretik eta ezin izan zuen parte hartu.

Balantze «oso ona» egin dute Ametsa pilota elkartetik, eta datorren urtean bigarrengo txapelketa antolatzeko asmoa erakutsi dute. Irurako Udalari emandako laguntza eskertu diote.

NESKEN PARTIDAK

Finalaren aurretik erakustaldia jokatu zuten Ametsa elkarteko neskek. Xareko partida bateko pilotari guztiak emakumezkoak ziren lehen aldia zen. Hiru bikotek elkarren aurka jokatu zuten. Naroa Goenagak eta Matxalen Mendizabalek jokatutako biak irabazi zituzten. Irati Fernandezek eta Nahia Gorritik partida bat irabazi zuten, eta Nora Galartza eta Maider Isasa garaipenik gabe geratu ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!