I. Xare Irekiaren finalerdiak jokatuko dituzte gaur

Imanol Garcia Landa 2019ko irailaren 27a

Partidak 19:00etan hasiko dira, Ametsa trinketean, eta irabazleek finala bihar jokatuko dute, 12:00etatik aurrera.

  • Txapeldunak erabakiko diren asteburura iritsi da I. San Migel Xare Irekia. Gaur arratsaldean finalerdiak jokatuko dituzte, eta irabazleak bihar lehiatuko dira, txapeldun bilakatzeko. Gorabeheratsua izan da torneoa, bigarren jardunaldian trinketeko atzeko kristala hautsi ondoren, antolatzaileek aldatu egin behar izan baitute egutegia. Zozketa bidez osatu dituzte finalerdiak, eta 19:00etan hasiko dira partidak.

    Lehenengo finalerdian Apeztegia-Funosas eta Larronde-Moncada bikoteak ariko dira elkarren aurka. Bigarrengoan, De Paredes-Bortheiru eta Driolet-Etxeverri. Norgehiagoka bakoitzean irabazten dutenek, finala bihar 12:00etan hasiko den jaialdian jokatuko dute, festen barruan.

    Finalaren atariko nesken arteko xare partidak jokatuko dituzte. Lehen aldiz, jokatzen duten pilotari guztiak neskak izango dira. Sei pilotari daudenez, hiru bikote egin dituzte: Naroa Goenaga-Matxalen Mendizabal, Nora Galartza-Maider Isasa, eta Irati Fernandez-Nahia Gorriti. Hiru bikoteek elkarren aurka jokatuko dute, 10 tantotako joko bana, hain justu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!