Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Irura herri seguru eta erosoa izatea nahi dugu"

Jon Miranda Labaien 2019ko ira. 26a, 19:57

Udal gobernuaren EH Bilduko udal taldeak, lehen asteak «motorra olioztatzen» eman ditu, 2023ra bitartean egitasmo berriei heltzeko.

Duela bi agintaldi zinegotzi izan zen Gorka Murua Makuso (Irura, 1976) Irurako Udalean eta orain berriz, alkate dihardu. Lehen asteak “motorra olioztatzen” eman dituztela aitortu du, jaiak igaro ondoren egitasmo berriei heldu ahal izateko.

Ezberdin ikusten al da udal jarduna, zinegotzi edo alkate postutik?

Egia da, ardura mailan alkateak baduela erreferentzia puntua. Tokatzen zaion eginbeharra da, sail ezberdinetako lotura egitea eta zerbitzu eta teknikarien arteko lanak koordinatzea. Gustura nabil lan horretan, talde indartsua daukadalako atzean. Lehen hilabete hauek lur hartzen eta informazio asko irensten eman ditut.

Dedikazio osoz jardungo duzu udalean?

Bai. Liberazioa hartu dut lau urteetarako. Iruraren tamaina duen herri batek behar du dedikazio osoa, eta askotan motz geratzen zaigu. Hala ere, lanak banatu ditugu taldeko bost zinegotzien artean eta sail ezberdinetako ardurak hartu ditugu. Batzorde informatiboak zazpi dira eta norberaren ezagutza eta gogoaren arabera banatu ditugu eginbeharrak.

Azken lau urteetan EAJk egin duen udal gobernuaren kudeaketaz zein iritzi duzu?

Nik uste dut, geldiune bat egon dela herriko proiektuei dagokionez. Ez da akordioetara iristea lortu, nahiz eta saiakera batzuk egin. Herritarren eta udalaren arteko distantzia handia izan dela uste dut. Orain hori aldatzeko pausoak eman beharrean gaude.

Zein harreman nahiko zenuke oposizioarekin agintaldi honetan?

Oposizioa herriaren zati inportante baten ordezkari da. Nahiko nuke haiekin proiektu ezberdinez hitz egitea eta ahal bada adostasunetara iristea. Gure partez, behintzat, aukerak egongo dira horretarako, beti ere, Irurako biztanleen onerako bada.

Udaletxeko eraikinaren berriztatzea izan zen desadostasunetako puntu bat aurreko legealdian.

Bai. Udaletxeak berritze bat behar du, irisgarritasunaren ikuspegitik gabezia dezente dituelako, instalazio elektrikoa zaharkituta dagoelako eta itoginak daudelako, besteak beste. Gu kritiko ginen, ez behar horrekin, prozesuarekin baizik. Pentsatzen dugu, benetako parte hartze prozesurik ez zela eman, gehiago izan zela gizarteratze prozesu bat.

Guk lehenengo pausoetara itzuli nahi genuke. Herritarrei proiektu ezberdinak aurkeztuko dizkiegu, aurrekontu ezberdinekin eta herri mailan zein behar ditugun identifikatuko dugu. Ahalik eta adostasun handienetara iristen saiatuko gara, zeren proiektu honek udaletxearen ekonomia baldintzatuko luke datozen hamar urteetarako.

Legealdia bukatzerako proiektua gauzatu daitekeela uste duzue?

Aurreko proiektua egin zuen arkitektoarekin hitz egin dugu eta alternatiba ezberdinak prestatzeko eskatu diogu. Urte hasierarako aukera horiek mahai gainean izango ditugu eta herritarrekin batzarretan bilduko gara egitasmo ezberdinak aztertzeko. Ikusiko dugu zenbaterainoko diru gastuari aurre egiteko moduan izango garen. Nik uste legealdi honetan, seguru, udaletxea berrituko dela. Denbora baino gehiago, gauzak nola egiten diren da garrantzitsuena eta ematen den pauso bakoitzeko herritarrekin kontatzea.

Zein egoera ekonomikoa du udalak gaur egun?

Irura, azkeneko urteetan, egoera onean dago ekonomikoki. Obra honi aurre egiteko mailegu bat eskatu beharko litzateke eta ikusi beharko genuke zein bestelako behar ditugun herrian, lehentasunak markatuz.

Zaharretxeko lokala izan da polemika iturri azkeneko urteetan. Zein da zuen asmoa?

Duela bospasei urte parte hartze prozesu bat eman zen. Taberna zegoen lehen eta jarduera horrekin jarraitzea erabaki genuen, baina obrak egin behar zirenez lokalean, herritarrekin adostu nahi izan genuen prozesua. Hiru proiektu aurkeztu ziren, bakoitza anbizio jakin batekin. Aukera baten alde egin zen, baina agintaldi berriarekin udal gobernu berriak erabaki zuen proiektua martxan ez jartzea.

Urteak pasa dira eta herrian beste behar batzuk sortu dira. Herrira eramango dugu galdera berriz, erabaki dezan zertarako erabili nahi duen lokal hori. Uste dugu herriko udal lokalen artean garrantzitsuenetakoa dela eta duen kokaguneagatik, martxan egon behar duela, erabilera eman behar zaiola. Abendua eta urtarrila aldera, auzoz auzoko bilerak egingo ditugu, hiru multzotan banatuta eta gai zerrendako puntuetako bat, zaharretxea izango da eta bestea haurtzaindegi gainean dagoen lokal huts baten erabilera erabakitzea.

Irura asko hazi da azken urteetan eta lo leku izateaz harago herrian bizitza sustatzeko kezka badute herritarrek. Horren aurrean elkartu eta antolatu egin dira, esate baterako, Irura Bizi elkartean. Udal gobernuak zein harreman izango du talde horrekin?

Nik uste dut herriko eragileekin, elkarteekin, jubilatuekin, kirol elkarteekin, gazte asanbladarekin...lankidetza sustatu behar dela udaletik. Guztiok adostuta, beste bultzada bat eman behar diogu herriari. Beren herri propio bezala bizi behar dute hemen bizi direnek, eta horrek udalaren lana bakarrik ez, guztiona eskatzen du. Herritarren proposamenak eta iradokizunak jasota, plan komunak egin behar ditugu. Irurarrak hasita daude, adibidez, Irura Bizi elkartearekin eta lan oso polita egiten dute. Udalaren lana laguntza eta babesa ematea izango da, bitartekoak jartzea.

Errezeta magorik baduzue udal taldean?

Nik uste Irura erakargarri egiteko hainbat alor ukitu behar direla. Gu saiatuko gara alor batzuk lantzen, trafikoa edo mugikortasunaren ingurukoan eragiteko. Herriko komertzioa sustatzeko kanpainak ere landuko ditugu. Guztia joango da zuzenduta helburu handi horretara: Irura bizitzeko herri erakargarria izatea nahi dugu, erosoa eta segurua.

Trafikoarekin arazo handia al duzue herrian?

Alde batetik autobia daukagu eta bestetik errepide orokorra, herria bitan banatu eta zeharkatzen duena. Trafiko handia dago eta astuna ere bai. Arazo bat bihurtu da bertako bizilagunentzat, segurtasun eta osasun aldetik ere bai, sortzen diren zaratak direla medio. Asmoa dugu, txosten bat egiteko enpresa bat kontratatuz. Inpaktua neurtu nahi genuke eta alternatiba batzuk planteatu. Errepide horiek aldundiaren eskumenen barruan daude, beraz haiekin lankidetza egin beharko dugu, gure egoera zein den azaltzeko eta gure beharrak zeintzuk diren esplikatzeko. Egoera larria dela esango nuke trafiko izugarria delako, ume asko daudelako herrian errepidea egunero behin eta berriro gurutzatzen dutenak.

Bestalde, plazarako sarbidea itxita dago pibote batekin. Ordu batzuetan itxita egoten da eta beste batzuetan irekita. Bertan bizi direnek sarbidea dute, auzoren bateko pasabide ere badelako. Hor ere planteatu beharko da zein ordutegi behar duen. Gure helburuetako bat da, oinezkoentzat espazio berriak irabaztea, trafikoak leku gehiegi okupatzen duelako Iruran.

Herrian merkataritza sustatzeko zein eskumen du udalak?

Alde batetik, gaur egun dauden komertzio eta tabernetan kontsumitzea bultzatu behar da. Lehen ere egin dira saiakerak eta orain indarrak jarriko ditugu horretan. Diru laguntzak ere badaude lokal berrien alokairuak ordaintzeko. Egia da formula magikorik ez dagoela, eta hor tokatzen dena da merkataritza sustatzeko beste herrietako, batez ere, herri txikietako esperientziak ezagutzea eta hitz egitea herriko lokalen jabeekin, ea prest egongo liratekeen beren lokalak negozio berriei bideratzeko.

Eta Irura eta Anoetaren arteko elkarlana?

Ohitura dugu norbere bidetik joateko eta horrek indarrak murriztea dakar. Bada planteamendu bat gazteriaren kasuan. Irurako ume asko joaten dira DBH egitera Anoetako Ikastolara eta gero aisialdi orduetan herri batetik bestera joaten dira. Elkarrekin beraientzako programazio bat osatzen badugu, egitasmo indartsuagoa izango dela pentsatzen dugu. Hasiak gara horretan hizketan eta ziur akordioetara iritsiko garela, bi herrietako gazteentzako mesede izango delako.

Gazteria, kultura, euskara, ingurumena... gai horiek presente izango dituzue zuen jardunean?

Herriak bizi egin behar dira eta horretarako ezinbestekoak dira, kultura, hizkuntza eta bertako eragile eta taldeak. Hemen baldintzatzen gaituen puntuetako bat da, haurrak Anoetara joaten direla behin 12 urte beteta. Gero zaila izaten da aisialdiko ordu horietan herrira itzultzea. Gauza politak egin daitezkeela uste dut.

Proiekturen bat nabarmendu nahi zenuke?

Sail guztietan egitasmo potoloak ditugu. Etxebizitzaren gaiari heldu nahi diogu. Esan dugu ume asko dagoela herrian eta aurki beharra izango dute hemen bizitzeko. Aurreneko pausoak emateko momentua hau da. Etxebizitza hutsen katalogoa osatu nahi genuke aurrena, ez baitakigu zenbat dauden. Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin nahi genuke, etxe horiek alokairuan nola jarri daitezkeen jakiteko, zein programa dauden ikusiz. Beste proiektu garrantzitsuena, politika sozialak indartzea izango da. Batez ere, adineko pertsonei zuzenduta, oinarrizko beharrak aseta ez dauzkatenentzat diru laguntza partidak jarriko ditugu. Zaindu beharreko kolektibo bat dela uste dugu, asko eman dute eta horietako batzuk behintzat ez dute merezi dauden egoeran egotea.

Zein mezu eman nahi zenieke irurarrei?

Esango nieke guztion lana dela herri hau indartzeko pausoak ematea. Animatzeko udaletxera etortzera, guk bitartekoak jarriko ditugu parte hartzea bultzatzeko. Eta kalean ikusiko dugula elkar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!