Irurarrek ez dute aitzakiarik aisia kulturaz edo kirolaz betetzeko

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ira. 19a, 10:59

Irurako Udalak eskaintza zabala prestatu du haur eta helduek kirol eta kultur ikastaroetan izena eman dezaten, eta bihar bukatzen da apuntatzeko epea.

Irurako Udalak ikasturte berriari begira deialdi zabala egin du kultur eta kirol ikastaroetara herritarrak gerturatzeko, eta biharkoa da izena emateko azken eguna.

Helduentzat, yoga ikastaroa izango da astearteetan 18:15etik 19:45era, ostegunetan 18:45etik 20:15era eta asteazkenetan 09:30etik 10:30era. Areto bizikleta, astearte eta ostegunetan 19:00-20:00 eta 20:00-21:00ak arte eskainiko da. Pilates egiteko ordutegi ezberdinak daude aukeran: astelehena 20:15etik 21:15era; asteartea 09:15etik 10:15era eta 20:15etik 21:15era; asteazkena 09:15etik 10:15era eta 20:15etik 21:15era. Forman jarri zaitez saioak astearteetan eta ostegunetan izango dira: 15:00etatik 16:00etara edo 17:30etik 18:30era. Hipopresiboak egin nahi dituenak astearteetan du aukera 17:15etik eta 18:00etara. Aldiz, Zumba astelehen eta ostegunetan 09:00etatik 10:00etara, edo astearte eta ostegunetan 16:15etik 17:15era izango da.

Gorputza astintzeaz gain, eskuak edota behatzak astindu nahi dituenak egur taila egiteko aukera badu, eta asteazkenetan 18:00etatik 20:00etara izango da, eta eskulanak egin nahi dituenak, astearteetan 15:30etik 17:00etara gerturatu beharko du.

HAURRENTZAT

Sei urtetik aurrerako umeei zuzendutako saioak ere badira. Xakea, irristaketa, antzerkia, dantza (funky, hip hop,...), eskalada, eskulanak edota futbola izango dituzte ikasturte honetan praktikan jarriz, ikasi eta ondo pasatzeko. 60 euro ordaindu beharko da ikasturte osoa, eta eskulanen kasuan, materiala ere ordaindu behar da.

Helduek edota haurrek, izena webguneko formularioa betez eman beharko dute, eta ikastaroen prezio, egun eta ordutegi guztiak bertan ikusi daitezke.

Bukatzeko, Irurabizi elkarteak antolatuta komiki tailerra eskainiko da astearteetan 18:30etik 20:00etara, urriaren 22tik abenduaren 10era bitarte. 75 euroko kostua izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!