Irurako jaiak 2019

Argitu dute jaien hasierako txupinazoa nortzuk botako duten

Ataria 2019ko ira. 19a, 11:59

Bihar hasiko diren jaien egitaraua aurkeztu dute irurarrek. Berrikuntzak, xehetasunak eta deialdiak luzatu dituzte udal ordezkariek, jai batzordeko kideek eta Irurako EH Bilduk.

Marian Iturbe eta Mari Paz Aizpurua adinekoen zaintzaileak gonbidatu zituzten atzo festen aurkezpen ekitaldira. Eurek eta beste hainbat zaintzailek botako dute jaien hasierako txupinazoa. Gorka Murua alkateak euren lana balioan jarri zuen, eta bihar, suziria botatzeko kolektibo egokiena dela azpimarratu. Bueltan, Iturbek eta Aizpuruak, zaintzaileen izenean esker oneko hitzak izan zituzten txupinazoa botatzeko aukera emateagatik eta euren lanaz gogoratzeagatik. 

Bi asteburutan izango dira Irurako Jaiak, eta berrikuntzen artean, irailaren 27ko film laburren lehiaketa aipatu zuen Muruak. Horrekin batera, taberna ezberdinetan musika emanaldiak egongo direla nabarmendu zuen, eta jaien amaieran, herensugea erretzearekin batera, azken topa edo txotxa egingo dutela aurtengoan.

Jai batzordeko gazte asanbladako kideek, film laburren lehiaketaren zergatia azaldu zuten. Egun berean Play Back-a izango dela azaldu zuten; baina ekimen honek beherakadaren ondorioz, jendeari kosta egiten zaiolako mikrofonoaren aurrean jartzea, osagarri baten beharra ikusi zuten. 

Azkenik, eraso matxisten inguruko protokoloa gogoratu zuten. Jai egitarauaren liburuxkan, azken orrian, pausoz pauso agertzen da eraso matxista baten aurrean egin beharrekoa. Besteak beste berehalako laguntzarako telefonoak agertzen dira bertan: 112 (SOS Deiak); Gipuzkoako larrialdiak: 943 22 44 11; Eusko Jaurlaritzaren 24 orduko zerbitzua: 900 84 01 11 eta Irurako Udalaren telefonoa: 943 69 13 33 (berehalako laguntza behar ez bada).

Etxera itzultzeko hitzorduak

Irurako EH Bildutik jakinarazi dutenez, Puntu More bat jarriko dute txosnen ondoan. Puntu Morea ikusgarri egongo da festetan eta etxerako bidea segurtasunez egiteko ekimena da. Etxera bueltatzeko taldeak osatuko dira bertatik, bidea konpainian egiteko. Bertara azaldu eta taldea osatuta dagoenean, elkarrekin abiatzea izango da helburua. 02:00etan, 04:00etan eta 06:00etan jarri dituzte hitzorduak, hilaren 20an, 21ean, 27an eta 28an. 

EGITARAUA

Bihar, irailak 20

18:30. Agurra, txupinazoa eta herensugearen jaitsiera. 
19:00. Kalejira buruhandiekin, erraldoiekin eta Loatzo musika eskolako  musikariekin. 
21:00. Barrikotea San Migel plazan. Oharrak: jan-ontziak eta mahai-tresnak norberak eraman behar ditu, koadrilla bakoitzeko hiru kidek agertu behar dute, mahaiak era egokian jartzeko hutsunerik utzi gabe, eta afalostean mahaiak bildu behar dira. Eguraldi txarra balego frontoian izango da. 
Ondoren, Erromeria.eus taldearen emanaldia, plazan.

Etzi, irailak 21

09:00. Gazte-festaren hasiera San Migel plazatik. 
11:00-13:00 eta 15:30-18:30. Haur-parkea garbilekuko plazan.
13:00. Gazteen dantza-soka San Migel plazan.
14:00. Haurren bazkaria, plazan.
14:30. Gazteen bazkaria. 
18:30. Poteo musikatua Elektropapo elektro-txarangarekin. 
21:00. Gazteen afaria.
23:30. Governors eta Bad Sound taldeen kontzertuak. 

Irailak 22, igandea

11:00. Patata-tortilla lehiaketa San Migel plazan. Egunean bertan plazan izena ematen dutenek sua eraman beharko dute. Guztientzako sariak egongo dira. Tortillak egileek eta ikusleek dastatuko dituzte.
11:30-13:30. Herri kirolak haurrentzat Kulkiren eskutik. 
16:00. Talde-jokoak frontoian DBHkoentzat.
19:00. Sagardo dastatzea San Migel plazan.

Irailak 27, ostirala
11:00. Jokoak haurrentzat (HH eta LH) San Migel plazan.
Ondoren, buruhandi txikiak.
17:30. Gora Kasete haur ikuskizuna plazan, EIDABE taldearen eskutik. Eguraldi txarra balego trinketean izango da.
17:30. Patinete erakustaldia Skate parkean Muturreko Kirolak taldearekin. Eguraldi txarra balego frontoian izango da.
18:30. Kalejira San Migel plazatik buruhandi eta erraldoiekin, Loatzo Musika Eskolako txistulari eta trikitilariek lagunduta.
Ondoren, txistor-jatea Share Elkartean.
22:30. Play Back jaialdia eta film laburren lehiaketako lanen emanaldia San Migel plazan.
Ondoren, zuzeneko musika emanaldiak gazteen karpan, Ikastolako tabernan, Errekalde tabernan eta Enara tabernan. 

Irailak 28, larunbata 
13:00. Herri bazkarira doazenek mahaiak  eta aulkiak jarriko dituzte plazan. Ondoren triki-poteoa.
14:00. Herri-bazkaria San Migel plazan: 14:00etan umeak eta 14:30ean helduak.
19:00. Nafarroako Joten emanaldia Oliteko Escuela de Jotas taldearekin eta Irurako Eguzki Goxo abesbatzaren emanaldia plazan. 23:30. Gaueko dantzaldia Fan & Go taldearekin. 

Irailak 29, igandea
09:00. Diana txistulariekin.
11:00. Meza Nagusia.
Ondoren, Irurako Lats dantza taldearen emanaldia.
Jarraian, hamaiketako herrikoia San Migel plazan.  
17:00. Lur-ikara kabareta plazan, Pantzart Teatroren eskutik. 
18:30. Bertso saioa elizan. Gai-jartzailea: Maddi Sarasola. Bertsolariak: Miren Amuriza, Beñat Iguaran, Amaia Agirre eta Aitor Mendiluze.
21:00. Herensugea erretzea plazan. Ondoren, azken-txotx Errekalde tabernan, jai-batzordean zozketa bidez aukeratua. Aurrerantzean lekua txandakatuko dute.

Urriak 6, igandea
12:00. Meza Nagusia. 
14:00. Bazkaria trinketean jubilatu eta pentsiodunentzat.
Ondoren, musika dantzagarria Joxe Mendizabalen eskutik. Oharra: bazkarian parte hartzeko, izena eman behar da jubilatuen biltokian eta 12 euro ordaindu behar dira.

 

Aurtengo Irurako jai egitaraua Tolosaldeko Atariak egina izan da. Ikusi hemen jai egitarauaren PDF-a.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!