Xarelari onenak berriro izango dira lehian Iruran

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 5a, 10:04

I. San Migel Xare Irekia jarriko da abian ostiralean, eta bertan lau bikote ariko dira nor baino nor; finala irailaren 28an jokatuko da, herriko festen barruan.

Ametsa pilota elkarteak bultzatuta, eta Irurako Udalak lagunduta, xarelari onenak herriko trinketean ikusteko aukera berreskuratu dute. Ostiral honetan hasiko da I. San Migel Xare Irekia, Irurako Udala Sari Nagusia, eta herriko festen egitarauaren barruan izango da finala, irailaren 28an.

Txapelketaren aurkezpenean Mikel Uzkudun Ametsa pilota elkarteko ordezkaria, Gorka Murua alkatea eta Julen Apeztegia pilotaria izan dira. Iruran aurretik jokatu izan da txapelketa berezi bat, Joxe Manuel Larrinagaren oroimenezkoa, baina urte batzuk badira ez zela erreferentziazko txapelketa hori antolatzen. Uzkudunek azaldu duenez, «hori dela eta, 2018an herritar batzuekin hausnarketa egin eta gero, xarearen aro berri bati hasiera ematea erabaki genuen. Helburuetako bat, hain zuzen ere, sanmigeletan jokatzen zen torneo garrantzitsu hori berreskuratzea izan zen». Udalarekin harremanetan jarri eta bertatik bere laguntza eskaini zuten torneoa antolatzeko.

Txapelketari izena aldatu diote, nolabait aro berri hori irudikatzeko. Hala ere, formatuak antzekoa izan behar zuela ikusi zuten antolatzaileek, hau da, Iparraldeko eta Irurako pilotariez osatutako bikoteek jokatua. «Zoritxarrez, egun pilotari gutxi ditugu herrian xarean aritzen direnak. Garai hartan erdiak baino gehiago herrikoak ziren eta Iparraldetik bizpahiru etortzen ziren», esan du Uzkudunek. «Egun egoera alderantzizkoa da, bi pilotari baititugu goi mailan ari direnak, Joxi Lopetegi eta Julen Apeztegia, eta Iparraldeko pilotarien behar gehiago dugu lehen baino». Iparraldeko pilotariengana jotzerakoan hauen prestutasuna jaso zuten antolatzaileek.

Hori horrela, Iparraldeko sei pilotari izango dira lehian txapelketan, herriko biekin batera. Beraz, lau bikote osatu dituzte: Apeztegia eta Funosas, Lopetegi eta Bortheiru, Driolet eta Etxeverri, eta Larronde eta Moncada. Hasieran ligaxka jokatuko dute, denek denen aurka. Finalerdiak zein finala herriko festen barruan jokatuko dira.

NESKEN ARTEKO LEHEN PARTIDA

Finalaren atarikoan nesken arteko xare partida ere antolatu dute. «Partida historikoa izan daiteke», esan du Uzkudunek. «Gaur egun emakumeen arteko partidak nonahi dauzkagu, bai eskuz, bai paletaz, eta zesta puntakoak ere bai. Baina xarez oraindik orain ez da jokatu nesken artekoa. Beraz, Irurako lau neskek parte hartuko dutena lehen partida 'ofiziala' izan daiteke».

Bere aldetik, Murua alkateak nabarmendu duenez, «udaletik oso pozik gaude formatu hau berreskuratu delako, berriz ere Iruran goi mailako partida horietaz gozatzeko aukera izango dugulako egun horietan». Muruak gaineratu duenez, xarea Iruran «kirol bat baino gehiago» da: «Bertako ondarearen parte da, urte askoan jende askok lan egin duelako oraindik bizirik mantentzeko».

Irurako Udalaren lana Ametsa pilota elkarteak egiten dituen pauso horietan «laguntzaile bezala jarraitzea, babesa ematea, eta beraiekin batera egin behar diren pauso horiek aztertzea» dela esan du Muruak. Bide batez, garrantzi berezia eman dio alkateak lehenbiziko aldiz nesken partida izango delako: «Beste kiroletan bezala, xareak ere berdintasunaren alde pauso horiek ematea nahi dugu. Egun badaude xare eskolan neskak, eta bide horri jarraipena eman nahi genioke, udaletik ere ahal den guztia lagunduz».

Azkenik, Muruak eskertu egin du Ametsa elkarteak egiten duen lana: «Bertan aritzen diren guztiak boluntario aritzen direlako, eta ez delako erraza. Eta xareak ondare izaten jarraitu behar badu, elikatze hori behar du, eta elikatze horrek udalaren parte hartzea behar du, Ametsa elkartearena eta herritar guztiena». Bide batez, herritar guztiak animatu ditu txapelketa ikustera joatera.

Julen Apeztegia xarelaria, bere aldetik, «oso pozik» agertu da txapelketarengatik. «Urtean zehar txapelketak izaten ditugu, baina gehienetan Iparraldera joan behar izaten dugu. Maila oneko txapelketa bat jokatu ahal izateko beti joan behar izaten dugu Iparraldera». Apeztegiari, Irurako torneoa «oso aukera egokia» iruditzen zaio bere maila hobetzeko. «Txapelketa honek bultzada bat ematen du eta motibazio bat ematen dizu jarraitzeko, Irurara datozen jokalariak une honetan munduan dauden onenak baitira, eta niretzat ohore bat da bertan parte hartu ahal izatea». 

IREKIAREN EGUTEGIA

Ligaxka

Irailaren 6a, ostirala, 19:00. Apeztegia eta Funosas vs. Larronde eta Moncada; Lopetegi eta Bortheiru vs. Driolet eta Etxeverri.

Irailaren 14a, larunbata, 17:00. Driolet eta Etxeverri vs. Apeztegia eta Funosas; Larronde eta Moncada vs. Lopetegi eta Bortheiru.

Irailaren 18a, asteazkena, 19:00. Driolet eta Etxeverri vs. Larronde eta Moncada; Apeztegia eta Funosas vs. Lopetegi eta Bortheiru.

Finalerdiak

Irailaren 22a, igandea, 17:00. Sailkapeneko lehenengoa vs. laugarrena; sailkapeneko bigarrena vs. hirugarrena.

Finala

Irailaren 28a, larunbata, 12:00. Lehenengo partidan, herriko nesken arteko partida. Bigarren partidan, xare txapelketako finala.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!