"Orain korrika egiteko dudan gogoa ez da normala"

Imanol Garcia Landa 2019ko uzt. 18a, 19:59

Denboraldi benetan zaila bizitzen ari da Maria Lasa (Irura, 2000) atleta. Irailean lesio bat izan ondoren, eta horren ondorioz sortutako beste baten eraginez, ezin izan du korrika aritu. Eta hori guztia, gainera, Playas de Castellon klubarekin fitxatu duen denboraldian gertatu zaio.

Azaroan fitxatu zenuen Playas de Castellon klubarekin. Zer suposatu zuen horrek?

Sekulako ilusioa egin zidan. Gogoan dut gelan nengoela eta entrenatzaileak deitu zidala, fitxatu egin nahi zidatela esanez. Gero hitz egin nuen klubarekin, eta hainbat eskaintza konparatzen aritu nintzen, eta azkenean baietz esan nien. Niri ilusioa egiten zidan. Krosean Europa mailan lehiatzen dira, eta junior mailan ere bai, eta Espainia mailan ere maila altuan aritzen dira. Beraz, ondo iruditu zitzaidan eta gustura. Gero ez dira gauzak nahi bezala atera.

Lehen lesioa aurretik izan zenuen.

Berez lesionatuta nengoen fitxatzerakoan. Korrika hasteko nengoen, eta fisikoki ondo nengoen, ez nintzelako inongo unean geldirik egon. Bizikleta, ariketak, gimnasioa... denetik aritu nintzen egiten, eta fisikoki oso ondo nengoen. Lehiaketak azaroan ez dira izaten, urtarrila inguruan hasten dira, eta denbora nuen prestatzeko. Baina berreskuratzea ez zen ona izan, eta oker zapaltzeagatik, alde bat babesteagatik, belauna izorratu nuen, eta oraindik horrekin nabil.

Hasierako lesioa non izan zen?

Bosgarren metatartsoa puskatu nuen, eskuineko oineko behatz txikia. Korrika hasi nintzen, baina oinbularrak mina egiten zidan. Ez nuen ondo egiten korrika, eta egun batean aldakan mina, bestean ipurmasailean, bestean iskionean... Beti nonbait nuen mina, ez nuelako ondo indartuta aldea. Gero, abenduan hasi ziren belauneko ziztadak, eta ezin izan nuen korrika egin. Beste molestiekin ahal nuen, baina belaunekoarekin ezinezkoa zen. Mediku batetik bestera ibili naiz Euskal Herri osotik: batetik meniskoa puskatuta nuela, beste batzuek esaten zidaten pixka bat ukituta, beste batzuek ez nuela ezer, beste batzuek errotulak ez nituela ondo, beste batzuk iskionak gogorrak nituela... Abenduan hasi zitzaidan mina belaunean, eta maiatzean detektatu zidaten korrikalariaren sindromea nuela, eta edema bat nuela oinbularrean. Lehenbizi edema tratatu zidaten eta orain belaunarekin nabil bueltaka. Hobeto dauzkat, baina bi lesio hauek osatzeak lan handia ematen du.

Esan behar dut guztiek ondo tratatu didatela, izan naizen mediku, fisioterapeuta eta podologoek. Bereziki eskertuta nago Juanma Morales fisioterapeutarekin, belauneko lesioarena detektatu zidalako, eta Juan Antonio Gandia medikuarekin, edemarena ikusi zuelako.

Une honetan nola zaude?

Orain arte dena eman dut gimnasioan, bizikletarekin, eliptikoarekin, igeri egiten... Nire adinekoek denboraldia bukatu dute eta nik normalean uztailetik abuztu bukaera arte atsedena hartzen dut, ez dut korrika egiten, ez dut entrenatzen. Aurten, nola horrela tokatu den, erabaki dugu bi hilabete hauek ere lasai hartzea: ibili pixka bat, igeri egin pixka bat, baina konpromisorik gabe eta burua hautsi gabe. Atsedena ondo etorriko zait bai mentalki eta baita fisikoki ere, ondo berreskuratzeko. Gero, gauzak ondo badoaz, irailean hasiko nintzateke entrenatzen.

Beraz, ez zaude osatuta oraindik.

Ezin dut korrika egin oraindik. Lehen, oinez ibiltzerakoan mina hartzen nuen, eta orain ez. Irailetik, jarraian hiru aste-edo izan dira korrika egin dudanak, abenduan belaunekoa gertatu aurretik. Saiatzen nintzen hamar bat minutu korrika egiten eta hirugarren minuturako minez nengoen. Beraz, luzaroan korrika egin ez dudala denbora pila bat pasa da.

Nola daramazu hau guztia?

Oso gogorra izaten ari da. Zure taldekoak ikusten dituzu beti entrenatzen daudela. Astean behin-edo joaten nintzen, ariketaren bat egitera, eta gogorra da ikustea zure taldeko guztiak eta ingurukoak pistan entrenatzen. Sare sozialak ondo daude, baina atletismoan dena publikatzen da, zeinek egiten duen marka, emaitzak..., eta orain izango da nire adineko Europako Txapelketa. Ikusten ari zara jendeak zer egin duen, nola ari den hobetzen, eta zuk ezin duzula ezta hamar minutu korrika egin.

Bestalde, batez ere oso gogorra egin zaidana da jendeak esatea hau dela mediku onena, beste hori fisioterapeuta onena, eta toki batetik bestera joaten zara sekulako esperantzarekin, eta esaten dizuna egin ondoren, korrika egitera joan eta ezinean sentitu. Azkenean, Berazubin izkina batean negarrez. Sekulako ezintasuna izan da maiatza arte zer nuen ez jakitea. Gero, burua ere jaten duzu, korrika egiten agian azaroa baino beranduago hasi behar izan nuela pentsatuz. Baina horrela gertatu da, eta horrela hartu beharko.

Azkenean, proba psikologiko handia izaten ari da, ezta?

Psikologikoki kaka bat izan da hau dena. Hori bai, orain korrika egiteko dudan gogoa ez da normala. Ez dakit nola itzuliko naizen, baina behintzat gogoarekin eta mentalki dena ematera joango naiz. Ez dut beldurrik izango txakalaldiren bat-edo etorriko ote zaidan lasterketa honetan edo zenbat sufrituko dudan. Amorru puntu bat badut.

Lehen izaten zen uztaila iritsi eta ez nuela ezer jakin nahi atletismoaz. Uda nahi nuela, lagunekin egon, hondartza eta parranda, eta gero iraila iritsiko zela. Eta aurten iraila iristea nahi dut ondo nagoen edo ez jakiteko.

Kirolariaren alde hori, hau da, lesio batek eragiten duena, askotan ez da ikusten.

Ondo zaudenean dena oso polita da, lortutako emaitzen eta marken berri komunikabideetan eta sare sozialetan azaltzen da. Baina horrelako gauzak pasatzen direnean, justu kontrakoa izaten da. Nire kasuan, aurreko uztailean Finlandian Munduko Txapelketan izatetik, irailean makuluekin egotera. Bestalde, horrelako lesio batekin ezin zara beti burumakur egon. Etapak daude. Hasieran sekulako esperantzak dituzu, gero behean sentitzen zara... Azkenean, etxekoek eta ingurukoek ere jasaten dute egoera, eta laguntzen dizute.

Zein txapelketa galdu dituzu bereziki denboraldian?

20 urte azpiko Europako Txapelketa dago jokoan aurten. Iaz Munduko Txapelketan izan nintzen, eta gutxienekoak berdinak direlako, pentsatzen dut, ondo bidean, bertan izango nintzela. Bestalde, bereziki prestatzen dena Espainiako Txapelketa izaten da. Hori izaten da buruan izaten duzun data, eta entrenamenduak ere horretara bideratzen dira. Espainiako Txapelketa garrantzitsuagoa da Europakoa edo Mundukoa baino: zuk zure paper ona Espainiako Txapelketan egin behar duzu batez ere, bestela ez zoaz besteetara. Nire kasuan aurreko urtean Espainiako Txapelketara joan nintzen nire maila altuenetan. Gero Munduko Txapelketara sasoi oso onean joan nintzen, baina mentalki lasaiago joan nintzen; urduriago nengoen Espainiako Txapelketarako Mundukorako baino; presio gutxiago nuen azken horretarako.

Aurrera begira, beraz, lasai hartu eta gero irailean korrika hasterakoan minik ez izatea.

Minik ez izateko une horren zain nago. Behintzat belauneko minik izan gabe. Korrika hasten naizenean, egun batean bizkarrak emango dit mina, bestean aldakak, bestean behatz puntak... Baina horiek jasangarriak izaten dira. Belaunekoa, ez.

Eta datorren denboraldian Playas de Castellon klubarekin jarraituko duzu?

Ez dakit. Jendeak komentatzen dit, beraiek ohituta daudela horrelako kontuekin, atletak lesionatu egiten direla... Fitxatu nuen denboraldi honetarako, eta ez dakit zer gertatuko den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!