Herri bizia dela erakusteko eguna

Jon Miranda Labaien 2019ko uzt. 12a, 11:57

Irura Bizi elkarteak bere eguna ospatuko du gaur; 18:00etan garai bateko herria ezagutzeko bisita antzeztua egingo dute.

Herri giroa sustatu eta herritarren arteko harremanak sendotzeko 2017an elkarte bat sortzeko prozesua abiatu zuten Iruran. Luze jo du prozesuak, baina Goizargi Oruesagasti elkarteko talde eragileko kideak aipatu duenez, nahiago izan dute horrela egin: «Pausoz pauso joan gara, urrats bakoitza elkarrekin adostuz, bagenekielako horrela jendea inplikatu egingo zela». Aurreko irailetik hona abiada bizia hartu du elkarteak eta aurrera begirako erronkak zehaztu, lan ildoak finkatu eta elkartearen funtzioak adostu dituzte. Urtarrilean Irura Bizi izena aukeratu zuten elkartearentzat eta berriki erabaki dute logoa. Hasiak dira, dagoeneko, ekimenak antolatzen.

Hain zuzen, urte hasieran bilera ireki bat egin zuten iazko ekintzak baloratu eta 2019ko plangintza egiteko. «Garrantzitsuak iruditzen zaizkigu horrelako bilera irekiak egitea, jendeak proposamenak luzatu ditzan eta bide batez elkar ezagutu gaitezen», esan du Oruesagastik. Talde eragileaz gainera, hiru lan talde zehaztu dituzte Irura Bizi elkartean: kirola; euskara eta kultura; eta herri bizia, transmisioarekin lotutako gaiak lantzeko.

Talde bakoitzak bere autonomia du, eta gero, antolatutako ekitaldiak zabaltzen dituzte herritarren artean. Kontentu daude lortu duten saretze mailarekin eta Oruesagastik nabarmendu duenez lortu dute elkartearen bueltan adin ezberdinetako jendea biltzea. «Akaso oraindik lortu ez duguna, Iruran bizitza egiten ez duen jendea erakartzea da. Hasi dira aleka batzuk gerturatzen, baina badakigu prozesua luzea dela. Bitartekoak jarri behar dira, baina aldi berean, guk geuk ireki egin behar dugu», azpimarratu du Oruesagastik.

Antzeztutako bisita gaur

Ekitaldi asko antolatu ditu lan talde bakoitzak urtean zehar eta dagoeneko hurrengoak pentsatzeko beste bilera ireki bat egiteko asmoa dute irailean. Iazko uztailan, herriko gazteekin batera Uzta Giro jaia antolatu zuen elkarteak, eta aurten ere, data berdintsuan beste jai bat prestatzea erabaki dute. Gaur arratsaldean egingo dute eta festa osatzeko, Herri Bizia lan taldekoek bisita gidatu antzeztua prestatu dute.

Alazne Arozena lan taldeko kideak azpimarratu duenez, «garai bateko argazkiak erakutsiz erakusketa bat egin asmo genuen hasieran, baina pixkanaka forma hartzen joan eta gidatutako bisita antzeztua izaten amaitu du». 17 lagun inguru ariko dira 1950. urte inguruan Irura nolakoa zen azalduz. Garai hori ezagutu zuen Marimi Ugalde herritarrak eta gaurko bisita gidatuan hartuko du parte: «Orduan zutik zeuden baserriak dagoeneko desagertu dira eta herrian zehar egingo dugun itzulian etxeak nolakoak ziren erakutsiko dugu argazki bitartez».

Arozena eta Ugalderekin batera, Jexux Mari Arsuaga ariko da gidari lanetan gaurko bisitan. Iratxe Ramirez herritarrak, berriz, txikitan Iruratik alde egindako pertsona baten papera jokatuko du antzerkian eta behin herrira itzulita zeinen aldatuta topatu duen kontatuko du. Horretarako herriko gune ezberdinak bisitatuko dituzte plazatik bertatik abiatuta. «Garai bateko eskola atarian egingo dugu hitzordua 18:00etan eta gela borobilean frankismo garaiko eskola nazionalak nolakoak diren irudikatu dugu», esan du Ugaldek. Ikasle paperean, besteak beste, Ugalde beraren eta Arsuagaren bilobak ariko dira.

«Belaunaldien arteko transmisioa irudikatu nahi dugu bisita gidatu honekin», esan du Arozenak. Plazatik abiatu, elizako arkupeak, garai batean errota zegoen tokia, Lumane ingurua eta garbilekua zeharkatuko dituzte ibilbidean zehar, Anoeta eta Irura lotzen dituen zubian bukatzeko. «Aspaldi batean bi herrien artean egin zen mus partida gogoratuko dugu zubian eta horren harira jarri ziren bertsoak kantatuko ditu Aitor Mendiluzek».

Gogor egin dute lan azken asteetan bisita gidatua prestatzeko eta eguraldia lagun, ordu eta erdian erakutsiko dute nolakoa zen garai bateko Irura.

IRURA BIZI EGUNA

UZTAILAK 12, OSTIRALA

18:00. Irura, denboran zehar. Garai bateko Irura ezagutzeko bisita antzeztua, plazatik abiatuta.

20:00. Poteo musikatua.

21:00. Herri afaria plazan. Platerak eta mahai-tresnak norberak eraman beharko ditu

Afalondoan. Sabin Guarestiren musika emanaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!