Ordegailuaren teklak astintzen hasi, eta, bitartean, garunaren zati bat eguna antolatzen hasi da jada: «Zer prestatuko dut bazkaltzeko? Labadora jarri behar dut, esnea falta da…». Idatzia bukatu ala ez, errutinaren gurpilean sartuko gara erremediorik gabe: umeak ikastolara eraman, lana, etxeko lanak, lana, etxeko lanak eta, eguna ondo bukatzeko… hipopresiboak! Aldez aurretik badakit ia arnasarik gabe iritsiko naizela klasera. Zoru pelbikoa altxatu nahian, ispilu aurrean jarri, eta, nire arnas estua eta piura ikusita, arima bera ere eroriko zait! Izan ere, egia baita Noelia: marujak gara, marujak eta ELTZETAPAK!
Zeinen modernoak garen, ezta? Lan mundura salto egin genuen, eta bertan erdi itoan bizi gara. Toki guztietara presaka, denera ezin iritsita bizi gara. Bizkar gainean karga, eta karga motxila barruan ere: toallitak, esku pilotako pilota, joan den asteko bokadillo zati bat, erosketen erreziboak eta, papur artean, kamustutako rimela. Begizuloak, arropetan haurren mukiak itsatsita, otorduetan etengabe altxatuz: «Ama, pixa! Ama, ura! Ama, kaka!». En fin…
Behin, telebista saio batean entzun nuen, gizonezkoek The nothing box delakoa dutela euren garunetan; alegia, ezer ez egiteko gaitasuna dutela, berez, genetikoki, naturak berak emanda. Eta, orduan pentsatu nuen: «A ze zortea! Emakumeok ere hobea genuke karga mentalaren ordez Nothing boxa izan!». Demagun: «Zer, Edurne, zer egiten ari zara? Ezer ere ez. Eta, zertan pentsatzen ari zara, bada? Ezertan ere ez». Baina ez, XXI. mendeko emakumeok emakume langileak, ausartak, bizkorrak, kirolariak, herrigintzan aktiboak, apainak, feministak, jatorrak, sare sozialetan iaioak… izan behar dugu, eta emakume eredu honek ez du kaxa hutsentzako tarterik uzten. Kutxa horiekin zer egin ere, berehala asmatuko genuke!
Ikusi zaitut: buruarekin ezetz eta ezetz ari zara. Gure gurasoen eta aitona-amonen garaien aldean, gaur egungo gizartea askoz ere feministagoa delakoan zaude. Larunbat edo igande goiz batez, egin ezazu hurrengo aproba: goizeko hamarrak aldera atera zaitez leihora, eta begira ezazu ingurura, ea zer ikusten duzun. Urlia aspiragailua pasatzen sumatzen al duzu? Sandia hautsak astintzen ikusten al duzu? Berendia arropak zabaltzen ari al da? Ez, ezta? Asteburu goizak mendira joateko dira, korrika saio on bat egiteko edota, zergatik ez, ezer ez egiteko. Gainera, hor gaude gu, eltzea sutan jartzeko, etxea garbitzeko, umeen arropak prestatzeko. Martxoaren 8an esku trapuaren ordez zapi morea hartzearekin ez dugu nahikoa. Martxoaren 8an mantala leihora ateratzearekin ez da aski. Eltzeari tapa kendu arte marujak eta ELTZETAPAK izaten jarraituko dugu. Ikas dezagun gizonengandik, arindu dezagun karga mentala, ikas dezagun noizean behin ezer ez egiten. Planto egin dezagun maizago.