Patinajea, ikusteko eta egiteko

Imanol Garcia Landa 2019ko martxoaren 28a

Irurako V. Patin Lasterketa Herrikoia egingo dute, igandean, lau probarekin.

Irurako Kirol Astea egingo dute, martxoaren 30etik apirilaren 14ra bitarte, eta datorren astebururako hitzordu nagusia Irurako V. Patin Lasterketa Herrikoia izango da; igandean, Katategi industriagunean egingo dute. Irristaka taldea ari da antolatzaile lanetan, eta bertako kide da Iñaki Urkizar: «Urtean zehar egiten ditugu aisialdi giroan jarduerak, baina, igandeko lasterketekin, aldarrikatu nahi dugu patinajea kirola dela».

Ekitaldia 11:30ean hasiko da, eta lau proba izango ditu. Lehenengoan Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute alebin, infantil, jubenil eta juniorretan, neska zein mutiletan. 2,5 kilometro egingo dituzte, eta 20 parte hartzaile inguru ariko dira, denak batera.

Bigarrengo proba 6 eta 9 urte artekoentzat izango da, 500 metroko ibilbidearekin. Hirugarrena 10 eta 15 urte artekoentzat, 1,7 kilometrorekin. Bi proba horietan ez da sailkapenik izango. Laugarren proba helduentzat izango da, 8,5 kilometrokoa, eta hor sailkapena izango da. «Bai Gipuzkoako Txapelketarekin, bai helduen lasterketarekin, erakutsi nahi dugu patinajea kirol bat dela, lehiatu egiten dela, oso bizia dela, oso ikusgarria eta, aldi berean, gogorra», esan du Urkizarrek. Helduen mailan, lehenengoak 30 km/h-ko abiaduran ibiliko direla gaineratu du.

Proba guztiak kontuan hartuta, 200 parte hartzaile inguru espero dituzte iganderako. Izena eman nahi duenak aukera izango du, igandean bertan, 11:00ak baino lehen.

IRURAKO KIROL ASTEAREN EGITARAUA

Martxoak 30, larunbata

Irteera Gaztelekutik, Donosti Bubble Football-era.

Martxoak 31, igandea

11:30. Irurako V. Patin Lasterketak. Katategi industrialdean.

Apirilak 1, astelehena

17:00. Haurrentzat herri jolasak plazan. Ondoren merienda parte hartzaileentzat.

Apirilak 4, osteguna

17:00. Eguzki Txokotik nagusien irteera.

Apirilak 5, ostirala

17:00. Kirol saltsa frontoian LH3 eta LH6 bitarteko haurrentzat. Izen ematea apirilaren 1a arte kultura bulegoan. Ondoren, Ametsa Xare Eskolako txapelketen finalerdiak.

Apirilak 6, larunbata

Orientazio proba familientzat eta lagunentzat, arratsaldean.

Apirilak 7, igandea

11:00. Bailarako VIII. Kros Herrikoia.

2 urtetik 14 urte bitartekoak hasiko dira. 12:00etan, helduen eta beteranoen txanda izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!