Gorputza mugituz, kantu bazkariaren aurretik

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko martxoaren 23a

Irurako Gazte Asanbladako kideek antolatuta, kantu bazkaria dute, gaur, Joxe Mendizabal herriko musikariarekin. Aurretik, ordea, 20 bat herritar bildu dira plazan egin duten zumba saioan, izerdia botatzeko asmoz.

Naroa Lasa Irurako Gazte Asanbladako kideak adierazi duenez, "herria eta batez ere herritarrak mugiarazteko zerbait antolatzea ondo egongo litzatekeela pentsatu genuen, udaran egin ohi den gazte eguna gutxi iruditzen zitzaigulako". Gabonetan, elkarteak antolatutako babarrun jana egin zuten, eta bertan hasi ziren gaurko egunerako ideiak botatzen, bazkari herrikoi bat egitearen beharra ikusi baitzuten.

Hala ere, goizean, eguna ondo hasi, aldi berean, egitaraua betetzeko, ekintza bat prestatu nahi zuten. Hori dela eta, zumba saioa egin dute, Nora Iñurrita herritarrak gidatutakoa. Kantu desberdinak hartuz, koreografia ugari dantzatu dituzte herritarrek. Hasieran dozena bat ziren, baina jende gehiago batu da gero.

Behin plazako zumba saioa amaituta, 14:00etan, bazkaria egingo dute frontoian. Aurten, gainera, helduentzat eta haurrentzat menu desberdinak egongo dira. Ondoren, berriz, kantaldia Joxe Mendizabalen eskutik. "Herritarra izanda, berari proposatzea erabaki genuen". Azkenik, eta egunari amaiera emateko, 18:00etan, poteo musikatua egingo dute, herriko tabernetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!