"Infografia gero eta gehiago baloratzen da"

Irati Urdalleta 2019ko ots. 17a, 09:00

Marrazkien bidez informazioa ematen dihardu, azken 26 urteetan, Joxean Apeztegia irurarrak. Duela urtebete inguru bere lanak Wikimediara igo zituzten, eta edozeinentzat eskuragarri daude.

Euskaldunon Egunkarian hasi zen lanean Joxean Apeztegia, eta orain Berrian jarraitzen du. Bertan, infografiei garrantzi berezia ematen zaielakoan dago, bai kazetarien, bai horien gainetik dauden arduradunen aldetik. Irakurleek ere infografiak gero eta gehiago baloratzen dituztela dio, gaur egungo gizartean informazioa begirada batean jaso nahi delako.

Nahiko ezezaguna da zuen ogibidea. Nola egiten duzue lan?

Zertan lan egiten dudan galdetzen didatenean, eta infografia egilea naizela erantzuten diedanean, pixka bat harrituta geratzen dira. Infografia asko ikusten dugun elementu bat da, leku askotan dagoena, baina, nik Berrian lan egiten dudanez, batez ere, alde horretatik azaltzen diet. Lehenengo esaten diet, egunkari batean lan egiten dudala. Azaltzen diet, egunkari batean testua eta argazkiak ikusten direla, baina beste elementu batzuk ere badaudela marraztuta daudenak, eta horiek egiten ditudala. Horrela ezagutzen dute lanbidea.

Gutxi baloratuta ere ba al dago?

Infografia gero eta gehiago baloratzen da, gero eta ezagunagoa delako. Beste izen batzuk erabiltzen dituzte infografiaren ordez, baina, azkenean, gauza bera dira. Albisteak kontatzeko eta informazioa helarazteko elementu bisual batzuk behar dira, kontatu nahi dena hobeto adierazten dutenak, eta horiek egiten ditugu guk.

Beraz, esan daiteke informazioa infografia bidez ematea dela zure lana?

Bai. Nik, alde horretatik, kazetari bat naizela esango nuke, idazten ez dakien kazetari bat. Informazioa ematea da helbururik nagusiena, eta informazioa emateko modu berezi hori da infografistok bereizten gaituena.

Hori egin ahal izateko, zein ikasketa egin zenituen?

Ni diseinatzailea naiz; hala ere, izan nintekeen kazetaria ere. Izan ere, gaur egun, infografista asko kazetariak dira.

Nolakoa da zure eguneroko jarduna?

Egun guztiak desberdinak izaten dira. Batzuetan, erredakzioan sartzen naizenean, ez dut jakiten zer egingo dudan egun horretan. Egunean bertan ematen dizute lana, eta egun horretan garatu behar duzu. Beraz, horrelakoetan pixka bat estresagarria ere bada. Beste batzuetan, aldiz, bi edo hiru egun ematen dizkizute lan bat egiteko eta, orduan, lasaiago egiten duzu lan. Horrelakoetan, zure lana hobeto egiteko aukera daukazu.

Lanera zer egingo duzun jakin gabe joatea estresagarria, edo zirraragarria ere izan daiteke.

Egunero zer egingo duzun ez jakiteak beti mantentzen zaitu tinko. Izan ere, beti adi egon beharra ekartzen du.

Nolakoa da lan egiteko modua?

Berriaren lan fluxua kazetarien bilera batean hasten da. Beraiek erabakitzen dute albiste batek grafikoa behar duen edo ez. Alde horretatik, iniziatiba beraiek daukate, eta grafikoa osatzeko behar den informazio guztia ere kazetariaren esku egoten da. Hori egindakoan hasten naiz ni. Niregana etortzen dira, eta esaten didate zein lan daukadan eta zein informazio dagoen eta, orduan, grafikoa osatzen hasten naiz. Hasieran, eskema bat egiten dut eta bertan zein elementu behar diren eta nola joan behar duten adierazten dut. Grafiko tipologia oso zabala denez, ez duzu jakiten nolakoa egingo duzun, baina horrela hasten naiz. Gero, grafiko guztia osatzen dut. Lana bukatuta daukadanean, kazetariari ematen diot, ikusteko, informazioa behar den bezala eman dudan ala ez, edo akatsik ba ote dagoen. Behin hori gaindituta, zuzentzaileak etortzen dira; Berrian argitaratzen den guztia zuzentzaileek ikuskatzen dute, euskararen aldetik zuzen dagoen ala ez jakiteko. Amaitzeko, artxibo batzuk sortzen ditugu: paperean argitaratuko direnak, batzuk, eta, beste batzuk, Internetera joango direnak.

Beraz, ez duzu egunkarirako bakarrik lan egiten.

Ez, nahiz eta nik paperari begira lan egin, gero ez da paperean bakarrik publikatzen. Beraz, Interneterako bertsio bat ere egin behar izaten dugu.

Zeren arabera erabakitzen da, zein albistek izango duen grafikoa eta zeinek ez?

Kontatu nahi duzun informazio horrek erabakiko du nolako garrantzia izango duen grafikoak. Artikulu bat badaukagu Afrikako herrialde batez, eta jakin nahi badugu non dagoen, askotan nahikoa izaten da grafiko sinple batekin. Horrelakoak grafiko laguntzaileak izaten dira. Kazetari batzuek erabiltzea erabakiko dute, eta beste batzuek ez. Ondo etortzen dira, baina ez dira behar-beharrezkoak izaten. Beste grafiko mota batzuen kasuan, ordea, grafiko horiek gabe albisteari zerbait falta izaten zaio. Adibidez, enpresa batek euskarari buruzko datuak argitaratu baditu, eta albistea datu horiek beraiek badira, kontakizuna oso motza izaten da, eta grafikoak hor garrantzi berezia izaten du. Horrelakoetan, grafikoak handiagoak izaten dira. Gainera, lanketa dezente eskatzen dute, bai kazetariaren aldetik, baita infografistaren aldetik ere. Horiek ez dira lagungarriak izaten, beste maila bat daukate eta, batzuetan, albistea bera kontatzen duzu grafikoarekin. Horrelako kasuetan ikus daiteke, beraz, grafikoek beti ez dutela lagungarriak izan beha,r eta albiste ere izan daitezkeela.

Nire kasuan, Berrian, ikusten dut bai kazetariek, bai kazetarien gainean dauden arduradunek, garrantzi berezia ematen dietela grafikoei. Alde horretatik, ni gustura nago. Iruditzen zait infografiek egunkari batean betetzen duten papera oso garrantzitsua dela. Albisteak infografien bidez kontatzea, eta horrelako gauzak egiteko nigan konfiantza izatea, benetan pozgarria izaten da.

Egunkaria zabaldu eta nora joaten da begia?

Ni ez naiz aditua horretan, baina, esaten dutenez, begirada beti grafikoarengana joaten da lehenengo. Kazetari batek hori kontuan hartzea garrantzitsua iruditzen zait. Izan ere, badakizu zure albistearen zati handi bat infografian sartzen duzula, eta horretaz jakitun izatea bereziki garrantzitsua da. Izan ere, kazetariek eduki dezakete joera, gauzak testuan jartzeko, kazetariak direlako; baina, nik esango nuke, kazetaria albistea benetan ematen duen profesionala dela, eta eduki dezakeela joera informazioa infografietan sartzeko, eta ez hainbeste testuetan. Albistea berdin-berdin ematen duzu, baina irismena hobea izan daiteke, gauzak grafikoaren bidez kontatzen direnean.

Lanean hasi zinenetik hona, aldaketarik izan da?

Bai, iraultza handia egon da. Garrantzi gero eta handiagoa ematen zaio gauzak modu grafikoan kontatzeari. Agian garai bisual batean gaudelako izango da. Gelditu eta testua irakurri, gero eta gutxiago egiten da.

Egongo dira informazioa lehenengoan helarazten duten grafikoak eta, beste batzuk, denbora gehiago eskatzen dutenak. Gaur egun, dena begirada batean egiten denez, horrek pena ere emango du.

Niri, behintzat, ez dit bereziki penarik ematen. Ohiturak dira eta horren aurka ezin dugu ezer egin, egokitu egin behar dugu. Pentsa, nire betiko lana izan da, gaur gauza bat egin, publikatu, eta jada bihar ez egotea.

Urte hauetan guztietan egin dituzun infografia guztiak bilduta daude, eta ikus daitezke, ezta?

Bai, duela urtebete inguru Berriak eta Wikimediak adostu zuten, nire grafiko guztiak Wikimediara igotzea, eta hor daude, edozeinek erabil ahal izateko. Jendeari gustatu zaiola ematen du, ikustaldi asko izan dituztelako. Guztira, 380.000 ikustaldi inguru izan dituzte, eta 4.600 grafiko inguru daude igota. Gainera, beste hizkuntza batzuetara ere itzulita daude.

Zuk ikusi duzu beste batzuek nola erabili dituzten zure infografia horiek?

Bai, behin ikusi nuen, grafiko bat hiru aldiz erabilita zegoela. Bat euskaraz zegoen, nire bertsioan, bestea ingelesez eta, azkena, errusieraz. Horrek poz handia eman zidan. Izan ere, ikusi nuen nola Errusiako pertsona bati baliagarria izan zitzaion nik egindako gauza bat. Sari modukoak dira horrelakoak.

Zure lanak sare sozialen bidez zabaltzerakoan, azaldu izan duzu lan hori nola egin duzun ere.

Bai, hori egin nuen Korrikako grafikoa aurkeztu genuenean. «Korrikaren ibilbidea honakoa da» esan beharrean, norekin egindako lana izan zen idatzi nuen. Izan ere, orduan zerbait berezia egiteko eskatu zidaten. Nire esperientzia, batez ere, paperekoa da, baina, kasu hartan, Interneterako bertsio bat izatea nahi zuten, eta animazioa izan zezala eta interaktiboa izan zedila eskatu zidaten. Horrek lanketa dezente egin beharra ekarri zidan eta ikertu egin behar izan nuen. Orduan konturatu nintzen jendeak zenbat gauza uzten dituen, besteek erabil ditzaten. Izan ere, erabil dezakegu beste batzuek egindako lana, gure lanak egiterakoan. Horrelakoetan, oso ondo geratzen gara, besteen aurrean, lortutako emaitzarekin, baina horren atzetik jende asko egoten da. Iruditu zitzaidan hori aitortu egin behar zela, eta txio batean hori egin nuen.

Teknologia berriekin ere asko aldatuko zen zuen lana, ezta?

Bai, niretzat aldaketarik handiena Internet sartu zenean gertatu zen. Gauza asko gure esku geratu ziren orduan, batez ere, gauzak egiteko moduak: teknika berriak ikastea, besteek zer egiten duten ikustea... Internetek ikasteko eta hobetzen joateko aukera ematen du.

Euskal Herria, infografiei dagokienez, zein mailatan dago, beste herrialdeekin alderatuta?

Euskal Herrian, euskarazko eta gaztelaniazko komunikabideak kontuan hartuta, badaude horretan dezente inbertitzen dutenak. Izan ere, hedabidearen apustua oso garrantzitsua izaten da. Espainian, berriz, 1980ko hamarkada bukaeran sartu zen infografia, eta hedabide askok apustu sendoa egin zuten horren alde.

Zure lan guztietatik, zeinek markatu zaitu gehien, edo zeinekin zaude harroen?

Lan kuttunak baditut, baina bat aipatuko dut, hura egin nuen momentuak eta egin nuen moduak poztasun eta asebetetze handia eragin zidalako. Lehen esan bezala, Berriako lan fluxuaren zati handi bat kazetariek daukate, beraien esku. Horrek infografia baldintzatzen du, nik ez daukadalako prozesu osoaren kontrola. Bada, badaukat lan bat, duela urte dezente egindakoa, eta lan hartan eskatu zidaten gehigarri bat egiteko Lehen Mundu Gerrari buruz; nik bi orrialde egin behar nituen. Kasualitate bat izan zen. Izan ere, hilabete lehenago Lehen Mundu Gerrari buruzko liburu bat irakurri nuen. Beraz, banekien zer egin behar nuen. Izan ere, banuen guztiaren ideia bat behintzat, eta kazetariek ere lan egin zuten arren, aukera izan nuen, zer nahi nuen, nola egin... erabakitzeko. Beste kazetari batzuk aritu ziren ideiak bilatzen eta kontakizunak nola izan behar zuen atontzen, eta bi orrialdeko grafiko hori denboraz eta gustu handiz egin nuen. Marrazkiak zeuden, mapak, grafiko ebolutiboak... Horrek asebetetze handia eman zidan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!