Gizonezko bat atxilotu dute, Iruran, autoak eta edukiontziak erretzea leporatuta

Ataria 2018ko abenduaren 14a

Autoetan, edukiontzietan eta herriko beste zenbait lekutan hamar sute eragin izana leporatzen diote atxilotutako 38 urteko gizonezkoari. 15.000 eurotik gorako kaltea eragin duela adierazi du Segurtasun Sailak.

38 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo iluntzean Ertzaintzak, Iruran, azkenaldian herrian eragindako hainbat suteren harira. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ohiko delitugilea da, eta aurrez beste hamar aldiz atxilotu izan du poliziak.

Urriaren erdialdean hasi zen Ertzaintza salaketak jasotzen. Orduan, Laskibar eta Ibai-Ondo industriaguneetako edukiontziak erre zituen. Edukiontziez gain, furgoneta bati su eman zion, eta su horrek beste auto bat ere kaltetu zuen. Egun batzuk beranduago, txabola bat eta negutegi bat erre zituzten, eta hilabete beranduago leku berean beste sute bat eragin zuen. Azaroaren hasieran, berriz, hormigoizko egitura bati eman zion su, baita Laskibar inguruan aparkatuta zegoen autokarabana baten karga eramateko egitura ere. 15.000 eurotik gorako kalteak eragin dituela jakinarazi du Segurtasun Sailak.

Ertzaintzak ordurako ikerketa abiatua zuen, eta bildutako informazioarekin sute horien egilearen profil bat osatu zuten. Behin informazio hori baieztatu ondoren, atzo atxilotu zuten 38 urteko gizonezkoa. Gaur goizean, berriz, Tolosako guardiako epailearen aurretik pasa da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!