Harrera beroa egin diete txapeldunei Irurako plazan

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 23a, 20:25

Urriaren 20an jantzi zuten hirugarren txapela Xabi Artola irurarrak eta Idoia Besada pasaitarrak Segurako Euskal Herriko Dantza Txapelketan. Hori dela eta, garaikur bezala jaso zuten Nestor Basterretxearen eskultura betirako geratuko da Irurako udaletxean.

Balentria handia egin dute Iruraren izenean txapelketan atera diren bi gazteek eta esker ona adierazi die Ana Leunda alkateak, harrera ekitaldian. Aurretik, dantza taldekideek eta lagunek plazan agurra dantzatu diete, eta ondoren, bi txapeldunak igo dira oholtza gainera bi pieza dantzatzera.

Jendeak txalo bidez eskertu die ahalegina, eta Artolak berak, mikrofonora gerturatuta, nabarmendu du "poza handia" eman diela hainbeste herritar ekitaldian parte hartzen ikusteak, "pozgarria da dantzak hainbeste jende batu izana".

Duela lau urteko ibilaldia hartu du gogoan dantzari irurarrak eta emaitza politak lortu dituztela aitortu du. "Gure buruari erronka bezala jarri genion trofeo hau betirako hemen uztea eta azkenean lortu dugu". Nestor Basterretxeak, bizi zen artean, zazpi garaikur jarri zituen jokoan eta gaur Iruran geratu dena izan zen azkena. 2008tik Euskal Herriko herri ezberdinetan ibili da, eta azkeneko hiru urteetan Artolak eta Besadak txapela irabazi ondoren, betirako geratuko da Iruran.

Herritarrak, esker onez, bi bertso ere kantatu dizkiete dantzariei:

Sasoian dauden artista finak
Xabier eta Idoia
Ordu ugari, pauso gehiegi,
Ta Seguran subidoia
Hirugarrena jarraian lortuz
Errepikatuz gidoia
Ezin da jakin non kokatzen den
Bikote honen listoia
Guk badakigu berriro ere
Joko duzuela goia

Ramon Garciak esku bikainak
traje berriak tarteko
Dotoreenetan dotoreenak
Berriz ere izateko
Beti daude prest a(ha)l dutenean
Denbora ateratzeko
Nahiz hemen egon, nahiz Italian
ensaiatuz gailentzeko
Azkenean bai, eskultura hau
Hemen betiko uzteko

Udaletxean Nestor Basterretxearen eskultura utzi ondoren amaitu da gaurko harrera ekitaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!