Motozaleen bilkura egingo dute larunbatean Iruran

Ataria 2018ko urriaren 22a

Lasarte-Orian egoitza duen Loquillos Riders elkarteak antolatu du egun osoko festa, larunbatean, urriaren 27an, Iruran.

Duela bi urte sortu zen taldea, nahiz eta lehenengo ekintzak duela lau urte egiten hasi. Gaur egun 95 bazkide ditu elkarteak eta delegazioak ditu Nafarroan, Araban eta Errioxan, besteak beste.

Irurako Ametsa trinketean egin dute hitzordua larunbatean, 09:30ean eta bertan banatuko dira akreditazioak. 10:30ean abiatuko dira moto ibilaldian, besteak beste Loiolako santutegira joango dira. Itzuleran, Cheyenne aretoan geldialdia egingo dute 13:30ean eta dagoeneko Iruran direla, frontoian herri bazkaria egingo dute.

Goizean zehar, gaztelu puzgarriak egongo dira umeentzat eta sarrera librea izango da. Bazkalostean, oparien zozketak egingo dituzte eta 17:00etan Bastart Kowboys taldeak kontzertua eskainiko du. Afalostean berriz, Blaxkfeet taldeak emango du kontzertua. Festa goizaldean bukatuko da eta parte hartzaileek Iruran bertan kanpatu ahal izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!