Xarearen etorkizuna bermatu nahian

Asier Imaz 2018ko urr. 11a, 11:31

Irurako xare eskolan teknifikazio talde bat jarri dute martxan 12-13 urteko gaztetxoekin; horrez gain, Iparraldeko Ligan parte hartzeko aukera izango dute.

Irurako Ametsa Pilota Elkartearen barruan xare eskola dago. Denboraldi berria aldaketekin hasi du. Etorkizuna bermatze aldera hartu dituzte neurriak, izan ere, adin batetik aurrera gaztetxoek xarea albo batera uzten zuten. Arazo horren jakitun, zubiak eraikitzeko teknifikazio talde bat jarri dute martxan 12-13 urteko gaztetxoekin.

«Aurten antolaketa pixka bat aldatzea erabaki dugu», azaltzen dute eskolako kideek. «Mailaketa moduko batzuk egin ditugu joko mailaren arabera. Horrela, 13-14 urtetik aurrera sortzen zen hutsunea ekidin nahi dugu». Gaztetxoek beste kirol baterako jauzia egiten zuten adin horretan, xarea albo batera utziz. «Ilusio edo motibazio falta horri aurre egiteko izan da berrantolaketa, eta Iparraldeko Ligan jokatzeko aukera izango dute hemendik aurrera. Aurten hiru talde osatu ditugu ligan aritzeko. Iparraldera joan eta xare partidak jokatzea nahi dugu bertako pilotarien aurka, ilusioa pizteko helburuarekin», diote Ametsakoek.

Iparraldeko Liga urrian hasi zen, eta hiru hilabeteren ondoren abenduaren 22an amaituko da. Ondoren Gipuzkoako Txapelketa, Euskal Herrikoa eta GRAVNI izango dituzte, besteak beste. Ligan parte hartzen ez duten pilotariek urteroko txapelketa horietan parte hartuko dute, eta Iparraldeko elkarteekin egiten dituzten topaketetan. Partidak, beraz, guztientzat egongo direla diote Ametsako kide irurarrek.

Aurten, 8 urtetik aurrerako 60 umerekin ari dira lanean xare eskolan. Horietatik 15 neskak dira. Plangintza berria aurrera eramateko zortzi irakasleko taldea osatu dute. Astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan egiten dituzte entrenamenduak Irurako Ametsa Trinketean.

 

XARE PARTIDAK

Irura, igandea, 10:00etan

Lau partida

1. Urruñarrak 1 /Ametsa 3

2. Ametsa 2 /Urruñarrak 1

3. Ametsa 1 /Amikuze 2

4. Amikuze 2 /Ametsa 2

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!