Ereindako uzta jasotzen hasteko ordua

Jon Miranda Labaien 2018ko uzt. 13a, 12:30

Iruran sortze bidean den elkarteak ekimenak antolatu ditu gaur, eta bihar, Gazte Asanbladak III. Gazte Eguna ospatuko du. Herriari bizia emateko ahaleginean ari dira belaunaldi ezberdinetako herritarrak elkarrekin.

Iruran elkarte bat sortzeko asmotan dira aisialdi eremuan eragiteko. Herri giroa sustatu nahi dute eta herritarren arteko harremanak sendotu. «Mantso doa prozesua baino sendo», elkartea sortzeko bidean den talde sustatzaileko kide Gorka Muruaren hitzetan. Hilabete hauetan herriko eragile ezberdinekin bildu dira iritziak trukatu eta sortuko den elkartearen egitura zehazteko. Tartean izan dira Irurako Gazte Asanbladako kideak eta haiek proposatuta antolatu dute asteburu honetako egitarau bateratua: gaur elkarte berriaren eguna ospatuko dute, eta bihar, III. Gazte Eguna.

Uzta Giro deitu diote egitarauari, «hilabeteotan ereindakoa fruituak jasotzeko ordua baita», Muruaren esanetan. Baina ez horregatik bakarrik. Irurara iristeko dago uztarik mardulena. Urte gutxitan hazkunde azkarra izan du herriak, eta hortaz, herriko dinamikan barneratuko diren gazte asko egongo da hurrengo urteetan. «Gazte horiek herrian geratzea eta bertako bizitzan parte hartzea da gure asmoa», esan du Muruak.

Iritzi berekoak dira Naroa Lasa eta Julen Azpeztegia gazteak. 21 urte dituzte eta euren belaunaldiko bederatzi gazte ibiltzen dira gazte asanbladan. «Azken urteotan, berriz, urte berean 30 ume inguru jaio dira eta horrek esan nahi du gazte asko datozela atzetik», dio Apeztegiak.

Gazteak protagonista

Asmo horrekin, duela bi urte Gazte Eguna antolatu eta herrian geratzea erabaki zutela aipatu du Lasak: «Lehenago, herritik kanpora joaten ginen eta irteerak egiten genituen toki diferenteetara. Pentsatu genuen gazte berriak erakarri eta herri giroa sustatu nahi bagenuen, herrian bertan antolatu behar genuela eguna». Bihar, hirugarren aldiz egingo dute.

Gazte Eguna izaten da, Irurako Gazte Asanbladak urtean zehar antolatzen duen ekitaldi nagusienetako bat; bestea Urtezahar egunean antolatzen duten mendi irteera eta hamaiketakoa izaten dira. Hala ere, kirol eta kultur asteetan, eta noski, herriko festetan ere izaten dute parte hartzea. San Migel jaietako Gazte Festan egiten dute belaunaldi berriek sarrera gazte asanbladan, hamalau urte betetzen dituztenean.

Biharko III. Gazte Egunerako 30 pertsonek eman dute izena dagoeneko eta egitaraua, gaur arratsaldean antolatu diren ekitaldiekin osatuko da. «Aurrez, Aitor Mendiluzeri omenaldia antolatu zuen sortze bidean den elkarteak, herritarrek egindako eskaerari erantzunez. Gaurkoa ere hari beretik dator, gazteek egindako eskaerari erantzuten dio», esan du Muruak.

Irailetik aurrera jarraituko dute elkartea sortzeko prozesuarekin. Dagoeneko helburuak finkatu dituzte eta elkartearen egitura zehaztu dute. Hiru lan arlo nagusi jorratuko ditu elkarte berriak: «Kultura, kirola eta komunitatea deitu dioguna. Azken horretan, elkartasun ekimenak, auzolanak eta belaunaldi ezberdinen arteko transmisioa landuko da». Ikasturte berria hastearekin batera zerrendatuko dituzte arlo bakoitzeko ekintzak eta urria eta azaroa bitartean borobilduko dute prozesua, elkartearen izena eta logoa aukeratuz.

Urte honen amaierarako Irurak, beraz, herritarrez osatutako elkarte berria izango du eta 2019ko lehen seihilekorako ekintza sorta prest edukiko du, azken hilabeteetan eraman duten prozesuari amaiera emanez.

EGITARAUA

UZTAILAK 13, OSTIRALA

Elkarte berriaren eguna

17:30. Jolasak.

19:00. Poteoa.

20:30. Afaria plazan (Platerak eta mahai tresnak norberak eraman beharko ditu).

22:00. Andoni Ollokiegiren kantaldia.

UZTAILAK 14, LARUNBATA

III. Gazte Eguna

09:30. Mendi irteera.

14:00. Gazteen bazkaria.

16:00. Karaokea eta bingoa.

18:30. Poteoa.

21:00. Gazteen afaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!