«Finlandian, finalean sartzea zaila ikusten dut»

Asier Imaz 2018ko uzt. 4a, 12:17

Uztailaren 10etik 15era 20 urtez azpiko Munduko Atletismo Txapelketa jokatuko da Tamperen, Finlandian. Maria Lasa (Irura, 2000) bertan izango da, 800 metroko proban. Azken lasterketan lortu du Munduko Atletismo Txapelketarako txartela irurarrak, modu xelebre eta ezohiko batean.

Espainiako 20 urtez azpikoen txapelketan lortu duzu Munduko Txapelketarako txartela. Espero ez zenuenean.

Aurten, Munduko Txapelketara joateko gutxieneko denbora egitea zen nire helburua. Oso gertu geratu nintzen, bi ehunenera.

Hor argitu behar da Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) gutxieneko bat jartzen duela eta gero Espainiako federazioak denbora hori gehiago jaisten duela.

Espainiako federazioak IAAF-n denbora zaildu egiten du. Adibidez, Ameriketako Estatu Batuetan gutxieneko denboraren azpitik jende piloa dago. Horien artean txapelketa batzuk antolatzen dituzte hautaketa egiteko.

Espainiako federazioak ez dauka arazo hori. Ondorioz, zergatik jaisten du IAAF-n denbora?

Arrazoi ekonomikoengatik izan daiteke, baina nire ustez, joaten den atleta gutxienez finalerdietara iristea nahi dutelako da. Guri erronka jarri zigutenean, munduko ranking-a ikusi zutela eta abar esan ziguten. Horren arabera aukerak genituela.

Erronka hori modu oso xelebrean jarri zizuten federaziokoek.

Finala hasi baino bost minutu lehenago, azken beroketak egiten ari ginean.

Horren aurretik, gutxienekoen kontua erabat argitzeko. Zeintzuk dira IAAF-n eta Espainiako federazioaren denborak.

Nazioarteko federazioak Munduko Txapelketara joateko 2.08,70-ko denbora jarri zuen. Espainiakoa 2.07,05era jaitsi zuen. Nik 2.07,30 egin nuen, hau da, 25 ehunenera geratu naiz.

Azken lasterketa Espainiako Txapelketa izan zen Murtzian. Hor marka lortzeko esperantzarik ba al zenuen?

Espainiako txapelketak normalean oso taktikoak izaten dira; ez dira karrera azkarrak ateratzen. Zaila izaten da horietan gutxienekoak egitea. Ondorioz, ahalik eta postu onena lortzera joan nintzen.

Finala hasteko bost minutu falta zirenean zer gertatu zen?

Federazioko hautatzailea etorri zitzaidan. Finalean beste neska bati irabazten baldin banion, Munduko Txapelketara joango nintzela esan zidan. Munduko ranking-a begiratu zutela eta beraien plan batzuen bitartez, joateko aukerak nituela.

Beste finalistei ere berdina esan al zien?

Lauri esan ziguten. Horietako batek Munduko Txapelketarako gutxienekoa lortua zuen. Beste bat eta ni oso gertu geunden, eta laugarrena segundo t'erdira.

Azkenean bi joango zarete.

Bai, gutxienekoa zeukan Raquel Meaños galiziarra eta ni.

Ez al da gauzak egiteko modu aldrebesa finalaren aurretik hori esatea?

Izugarrizko presioa da. Lehendik ere presioarekin joan nintzen Espainiako Txapelketara. Pista estalian irabazi egin nuen, eta berriro irabazteko presio hori nuen pista irekian; batean irabazten badu bestean ere bai, pentsatzen zuen jendeak. Nik banekien hori ez zela horrela; oso zaila ikusten nuen. Presio horri bestea gehitu zitzaion finala hasi baino bost minutu lehenago.

Finala nolako lasterketa izan zen?

Egia esan lasterketa egin nien besteei. Inork ez zuen jarri nahi tiratzen, eta nire buruari esan nion: «Hau da ba dagoena». Tiratzen hasi nintzen, baina ez topera. Azken metroetarako indarrak gorde nahi nituen, ni baino azkarragoak bazeudelako. Zain joan nintzen, ea norbaitek pasatzen ninduen. Baina inork ez zidan aurrea hartzen eta urduri jartzen ari nintzen. 300 metroren faltan hasi ziren azkartzen. Bi geratu ziren nire aurretik. Hirugarren posturako bi geunden, irabazi beharra niona eta ni. Esprinta pentsa nolakoa izan zen, Munduko Txapelketa ari ginen jokatzen. Azkenean hirugarren egitea lortu nuen.

Eta orduan zer?

Azken bi metroetan izan zen dena. Erreakzionatzeko denborarik ez nuen izan. Helmugara iritsi eta Raquelek «Maria, baietz!» esan zidan. Hautatzailearen baietza entzun arte ez nuen argi ikusten. Gero nire taldeko bi etorri zitzaizkidan negarrez, eta orduan pentsatu nuen baietz, Finlandiara joango nintzela.

Munduko Txapelketaren presiorik izan ez bazenu, beste modu bateko lasterketa egingo al zenukeen?

Agian azkarrago aterako nintzen, baina ez da erraza jakitea zer egingo zenukeen beste baldintza batzuetan. Hasieran pentsatzen duzuna gero aldatu egiten da lasterketan, besteen planteamendua ere kontuan hartu behar duzulako.

Orain Finlandia tokatzen da: Munduko Atletismo Txapelketa. Nola ikusten duzu zure burua?

Oso txikiak izango gara han. Gure adinekoentzat gorengo muga dela esan daiteke.

Zein izango da zure helburua?

Nire marka jaistea edo hor ibiltzea. Kanporaketak gainditzen joatea ondo egongo litzateke, finalerdietara gutxienez iristeko. Finalean egotea oso zaila ikusten dut.

Bertan egongo diren atleten denborak ikusi al dituzu?

Egia esan ez, baina badakit jendea bi minuturen inguruan dabilela.

Denboraldia amaitzear egongo zara, ezta?

Berez bukatuta izan behar nuen, baina Munduko Txapelketa arte luzatuko da amaiera.

Unibertsitaterako hautaproba egin ondoren, udan pentsatzen hasia izango zinen.

Ia-ia hasia nintzen zein parrandetara joan behar nuen programatzen... [Barreak].

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!