[Gutuna] Hitzak ziren, hitzak bakarrik

Irurako EH Bildu 2018ko eka. 20a, 08:00

2015ko hauteskunde atarian, "herritarren partaidetza zabala eta eztabaida bilatuko" zutela esan zuen gaur egun Irurako Udalean dagoen gobernuak.

Duela hilabete batzuk, plazako parkearen estaltzea dela eta, 300 sinaduren aurrean ez zuten emandako hitzik bete. Oraingoan udal eraikina berritzearen inguruko proiektua dugu hizpide herrian. Azken aurrekontuak onartu baino egun gutxi batzuk lehenago, jakin genuen proiektuaren berri. Hori guk, gainontzeko irurarrek beranduago jaso zuten informazioa, eta ez udalaren eskutik, gure mezuei esker baizik.

Honen aurrean hainbat herritarrek euren kexak agertu, ia 200 sinadura aurkeztu, eta proiektuaren inguruan erabaki nahi zutela azaldu zioten alkateari. 1.700.000 euro gastatu nahi diren, eta gutxienez hamarkada batez udal inbertsioak baldintzatuko dituen proiektuaren inguruan, iritzia eman nahian jarraitzen dute irurarrek, normala denez.

Garai hartan, 2018ko apirileko hirigintza batzordean, eta herritarrek behartu ostean, aurretik esan gabeko zerbait komunikatu zigun. Udal gobernu honek, parte hartze prozesu bat martxan jarriko zuela, udalaren berritze proiektua erabakitzeko hiru aukera ezberdinekin gainera. Hasierako proiektua, faseka egitearena eta hirugarren bat, goiko solairua ez egiteko aukera zabaltzen zuena. EH Bilduk udalaren eraikinak dituen gabeziei soluzio bideak aurkitzeko borondatea agertu zuen, eta aurreikusten zen parte hartze prozesu horren antolaketarako borondatea jakinarazi zion gobernuari.

Baina, bi hilabete pasa ondoren, udal gobernuak bakarrik prestatutako parte hartze prozesu bat aurkeztu zaie orain irurarrei. Bertan ez dago hiru aukeren arrastorik. Zergatik ematen diote bizkarra akordio zabalagoak lortzeari? Guk ezin diogu uko egin gure ardurari, ezin diegu irurarrei esan, aurkeztu den hau, benetako parte hartze prozesua denik. Idatzi eta erabakita dagoen proiektu baten testuan, neurtuegiak dauden hutsune zuri eta gutxi batzuk betetzera gonbidatzen zaigu. Guztion etxean nola egin erabakita dutenek, modu honetako zerbait eskaintzen digute: bakarrik hormen kolorea erabaki dezakezue, gainontzekoa gure kontu! Ez da proiektuaren gastuan, neurrian eta beharrean inolako erabakitze eskubiderik eskaintzen. Propaganda eta makillaje hutsa!

Udal gobernuak ondo dioen moduan, "guztion etxea bada", zergatik ez dugu herritar guztiok neurri honetako proiektu batean erabakitzeko eskubiderik? Zergatik etxea teilatutik eraikitzen hasi? Udal gobernuak, herritarrek proiektuaren sorreratik ekarpen interesgarriak egiteko nahiko heldutasun eta gaitasunik ez dugula pentsatzea kezkagarria iruditzen zaigu.

Irurako tamaina duten herrietan logikoena, proiektua udal ordezkari, eragile eta herritar guztiekin, aurrez aurreko bilera irekien bitartez erabakitzea da. Tamalez, beste bide bat aukeratu du udal gobernu honek. Jarrera hauek iraganekoak dira, eta seguru gaude Irurako etorkizuna beste parametro batzuetan eraikiko dela. Herritarrak gertueneko duten instituziotik urruntzea ez baita gestio ona. Herriak behar duen eraikuntza nagusia gertutasuna lantzea da. Irura guztiona dela sentiarazteko eta dauden erronkei aurre egiteko balioko duena.

Horregatik, orain arte bezala herritarrei benetako parte hartzea exijitzen jarraitzea eskatzen diegu, eman dituzten pausoak eskertuz. Hiru urte joan zaizkigu, batzar bakar batean herritarren hitza ezagutu eta gurea azaltzeko aukerarik izan gabe. Larria bai, baina are larriago, alkatea diputazioko parte hartze taldearen kideetako bat dela jakinez gero.

Hitzak ziren, bete ez diren hitzak, hitzak bakarrik!

Irurako EH Bildu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!