[GUTUNA] Irurako alkateari

Noelia Lataburu. Irurako herritarra 2018ko mai. 31a, 09:39

Maiatzaren 29a. Hileko azken asteartero bezala, ohiko plenoa dago Irurako udaletxean. Beste hainbat lagunekin batera, herriko nondik norakoen berri izateko asmoz bertaratu naiz. Ez da lehen aldia. 19:28ak , bi minutu baino ez dira falta plenoa hasteko eta udaletxeko atea itxita topatu dugu. 

Lehen datu kuriosoa. Herritarrontzat irekia beharko lukeena, itxita. Egurrezko ate erraldoi batek oztopatzen du Udalaren eta herritarron arteko informazio jarioa. Kuriosoagoa dena, behin ate hori igarota, informazio jario eza horrek etenik ez izatea. Patxadaz, edukazioz, entzun dugu plenoan gertatutakoa. Galde-erreguen txanda iritsi denean bertaratu garen herritarrok gure galderak, kezkak, ekarpenak,... planteatzeari ekin diogu alkateari.

Nire harridurarako, hainbat ekarpen entzun ondoren, alkateak hitza ukatu dit. Hau ere ez da lehen aldia. Martxoko ezohiko plenoan ere halaxe utzi gintuen herritarrok, hitza ahoan genuela. Ezohikoa zela eta halakoetan ez dela galde-erregurik izaten. Horixe herriari entzun nahi ez dionaren argudio merkea. Baina guk hark esandakoa aintzat hartu eta, patxadaz, alkateari zuzenean galdetzeko une egokia noiz heldu zain izan gara. Baina, hara! Orduan ere hitza ukatu dit. Beste behin, udaletxeko atea itxita topatu dut.

Harriduratik, haserretik eta sinestezintasunetik idazten ditut lerro hauek. Aurrez aurrekoak balio ez duenez, holaxe azalduko dizkiot, bada, Irurako alkateari esan nahi nizkionak: Alkate izateak herritar guztion hitza entzutea, errespetatzea, aintzat hartzea eta hausnartzea dakar, eta ez soilik losintxak eta hitz politak jasotzea. Herritar guztiak ordezkatzen gaituzu eta, gutxien-gutxienez, entzunak izateko eskubidea dugu.

Beste kuriositate bat. Plenoko puntuetako bat parte hartze prozesu bat abiarazteko puntua onartzea izan da. Herritarroi hitza ukatzen digun alkateak, hain zuzen, kanpoko norbait kontratatu du gure hitza entzuteko. Kuriosoa, benetan. Has dadila aurrez aurre dituenak entzuten, kanpora jo aurretik.

Eta, amaitzeko, azken hitzak: Herritar guztiak gonbidatzen ditut hurrengo plenoan Ana Leundak parte hartzeaz duen benetako ikuspegia zuzen-zuzenean ezagutzera. Despotismoak ere halaxe zioen: «Dena herriarentzat, baina herria gabe».

 

Noelia Lataburu. Irurako herritarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!