Irurako EH Bilduk udaletxea berritzeko proiektua berriz pentsatzeko eskatu du

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 22a, 16:08

Irurako udaletxea berritzeko prozesua nola joan den azaldu eta horren aurrean duen jarrera agertu du EH Bildu taldeak

Alderdien interesen gainetik udaletxea berritzeko proiektua berriz pentsatzea dagokiela uste du Irurako EH Bilduk eta horretarako bi proposamen luzatu ditu: «Alde batetik, proiektu hau herritarrekin kontrastatu behar dugu; eta bestetik, hasieraraino joan behar dugu denon artean adosteko zein diren herri honen lehentasunak, eta horien artean udaletxea berritzea baldin badago, zeintzuk diren etxe horren gaur egungo eta etorkizun hurbileko beharrak eta aukerak».

2017ko martxoan aurreproiektuaren lehiaketa abian jarri zenetik udal gobernuak oposizioari eta herritarrei informazioa «ezkutatu» diela uste du koalizio abertzaleak. Lehiaketa hartan EH Bilduk ez zuen botorik eman inongo proiekturen alde, alkateak behin eta berriz errepikatu zielako «lehiaketa bakarrik egiten zela diru laguntzetarako prest egoteko». Iazko azaroan ere oposizioak ezezkoa eman zion Hirigintza Plan Orokorraren aldaketari, «parte hartze prozesuan baliabide gehiago ez zelako jartzen». Aurten, ordea, urtarrileko ohiko bilkuran, akordioa lortu eta baiezkoa eman zioten aldaketari. EH Bilduko bozeramaile Olaia Nietoren esanetan, «akordio horretan espresuki esaten zen aldaketa hau onartzeko herritarren parte hartze programa bat diseinatuko zela, interesatuak zeuden herritarrekin bilera publikoa eginez».

Nahiz eta 2018ko horren inguruan galdetu, aurrekontu proposamena otsaila erdi aldera iritsi zitzaion oposizioari eta bertan, 1.600.000 euroko aurreikuspena zegoen jasota udaletxea berritzeko. Egitasmo zehatz hori aurreproiektutik proiektura pasatzea erabaki zuen udal gobernuak, dekretuz, otsaila bukaerako osoko bilkuran. EH Bilduren erabateko aurkakotasunarekin. «2018ko plenorik ez da zintzilikatu oraindik udaleko webgunean. Herritarrei informazioa ezkutatzeko estrategiaren parte ote da hau?», galdetu du Nietok.

Koalizio abertzalearen ustez, EH Bilduk gai hau atera arte herritarrek ez zekiten ezer honi buruz. Bereziki larritzat jo dute «informazio eta gardentasun falta» Irurako alkatearen kasuan. Ana Leunda Gipuzkoako batzar nagusietako parte hartze taldeko zuzendaritza taldean baitago. «Talde horretako oinarriak partaidetzaren kultura sendotzeko, zabaltzeko, errazteko eta hedatzeko pausoak ematea omen dira. Bada lekutan gaude Iruran. Bilera ireki bakar bat ere ez da egin herritarrekin hiru urte hauetan».

Proiektua bideratzeko deia

Udaletxea berritzeko proposamena geratzeko eta herritarrekin eztabaidatzeko eskatuz 180 sinadura jaso ditu Irurako EH Bilduk azken asteetan eta martxoaren 13an aurrekontua onartzeko egindako ez ohiko osoko bilkuran «negoziazio aukera» zabaldu zela uste du koalizio abertzaleak. Hala ere, EAJren udal gobernuak bere burua defendatzeko «gezurra» zabaldu nahian dabilela esan du Nietok: «Orain arte gu proiektu honekin ados egon garela esanez dabiltza. Irisgarritasunari dagokionez eta beste zentzu batzuetan EH Bildu ados dagoela udaletxea berritu beharrarekin? Bai. Baina bi alderdiak ez gatoz bat prozesu osoan eta proiektuan». EH Bilduren ustez horrelako «gezurrak» zabaltzen aritzea ez da parte hartze prozesu bat hasteko modurik egokiena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!