Irurako udaletxea berritzeko proiektua berrikusiko dute

Ataria 2018ko mar. 15a, 08:00

Proiektua merkeago egin, eta beraz, mailegu txikiagoa eskatzeko aukera aztertuko du udal gobernuak eta obra fase ezberdinetan egin daitekeen aztertuko du teknikariekin. Printzipioz, 1,3 milioi euro gorde ditu aurrekontuan lanak egiteko.

Irisgarritasun irizpideak betetzen ez dituelako, eraikinak inguratze-energetikorik ez duelako, kale argiteriako kontrol koadroaren instalakuntza gaizki dagoelako eta termitak lanean hasiak daudelako, Irurako udaletxea berritu egin behar da. Bat datoz horretan EAJ eta EH Bildu udal taldeak, baina ez dira ados jartzen obrak nola gauzatu.

Eraikina berritu beharra ikusita, udaleko hirigintza batzordean aztertu dute gaia, aldaketa txertatu dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean eta aurreproiektu bat ere landu dute. Irurako EH Bilduk salatu du, ordea, azkeneko egunetan jakin duela EAJren udal gobernuak partida bat gorde duela aurtengo aurrekontuan proiektua gauzatzeko. «Noiz, nork eta nola erabaki du udaletxea orain berritzen hastea?», galdetu du Joxi Imaz koalizio abertzaleko zinegotziak. EH Bilduk uste du herritarrei informazioa «ezkutatu» eta «presaz» jokatu duela udal gobernuak lanak 2018an has daitezen, «datorren urtea hauteskunde urtea dela jakinda».

Udal gobernuak 100 herritarren lagin batetik 64ren onespena jaso omen du udaletxea berritzeko. Inkesta horren inguruko informazio falta salatu du EH Bilduk eta bere aldetik sinadura bilketa bat abiatu du, eraikina berritzeko lanak bertan behera gera daitezen eskatuz, «herritarrekin batera, informazioa konpartitu eta proiektua adostu bitartean behintzat». 160 sinadura inguru bildu dituzte oraingoz.

Udaletxeko batzar aretoan izan ziren asteartean sinadura eman duten herritar horietako asko, informazio eske gerturatutakoak eta baita udal gobernuak egindako deia jaso duenetako bat edo beste ere. Azken horietako batek, Unai Galartzak, hitza hartu eta nabarmendu zuen udaletxea berritzeko asmoaz bakarrik galdetu, eta ez zitzaiola informazio tekniko edo ekonomikorik eman. «Gehiegizkoa» iritzi zion hainbeste diru gastatzeari eta herrian beste lehentasun batzuk daudela azpimarratu zuen.

Iritzi bera du Irurako EH Bilduk. 1.740.000 euroko kostua izango lukete berrikuntza lanek, obrari aurre egiteko udalak eskatu beharreko mailegua kontuan hartuta. 11 urtetarako zorpetzea ekarriko luke horrek koalizio abertzalearen ustez eta herrian egin beharreko inbertsioak ere baldintzatuko lituzke.

Ana Leunda alkateak nabarmendu zuen udaletxea berritzen gastatu beharrekoak ez duela «murriztuko» gastu soziala eta mailegua ordaintzera bideratutako diruaz gain, udalak urtero 180.000-200.000 euro inguruko inbertsio ahalmena izango duela. «Ez da kapritxo bat, herritarron onurarako izango da udaletxea berritzea», azaldu zuen Leundak; «Hau dena jakinda, zertarako itxaron behar dugu?».

Oposizioaren eta bertaratutako herritarren protesta ikusita, udal gobernuak proiektua berrikusteko konpromisoa hartu zuen astearteko bilkuran: «Berriro begiratu dezakegu zein aukera dauden proiektua merkeago egiteko eta mailegu txikiagoa eskatzeko, hala badagokio. Teknikariei galdetuta, begiratu dezakegu, baita ere, obra fase ezberdinetan egin ote daitekeen». EH Bilduk ontzat eman zuen proposamena eta gaia «patxada» handiagoz aztertu ahal izateko herritarrekin parte hartze prozesu bat martxan jartzeko aukera aipatu zuen.

SEITIK BI ZUZENKETA, AINTZAT

Irurako Udalak, 2018an, 3.396.500 euroko aurrekontua izango du. EAJren aldeko bost botoekin eta EH Bilduren kontrako laurekin onartu zen astearteko ez-ohiko bilkuran. Udal gobernuak ez du aintzat hartu udaletxea berritzeko proiektua bertan behera uzteko eskaera, baina bai beste pare bat zuzenketa. Herrian genero berdintasunarekin lotutako ekimenak antolatzeko aurrekontuan jasotako 5.000 euroko partida 10.000 eurora igotzea proposatu zuen EH Bilduk eta udal gobernuak diru saila 8.000 eurotan uztea onartu zuen. Herriko komertzioaren aldeko kanpainak egiteko diru gehiago eskatu zuen, baita ere, koalizio abertzaleak eta ados agertu zen udal gobernua; gaia aztertu eta proposamenak jasotzekotan geratu zen.

Oposizioak proposatutako beste bi zuzenketa atzera bota zituen, ordea, EAJk. Alde batetik, TOLOSALDEKO ATARIA-ri laguntza mantentzearena eta bestetik, Udalbiltzako kide izanik bertan egoteko kuota ordaintzeko eskaerarena, EH Bilduren esanetan, «udal bakarra baikara kuota ordaintzen ez dugunak». Bi eskaerak ez zituen aintzat hartu udal gobernuak.

Amaitzeko, aurreko legealdian zahar etxea berritu eta zabaltzeko proiektua berreskuratzeko eskatu zuten astearteko ez-ohiko osoko bilkuran oposizioko zinegotziek. Udal gobernuak «blokeatuta» du egitasmoa EH Bilduren iritziz, nahiz eta lehiaketa bat deitua duen tabernaren kudeaketa hartu eta berritze lanak bere gain hartu nahi dituenarentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!