Adinekoentzat ingurune fisiko eta sozial erosoagoen bila

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 27a, 08:00

'Irura Lagunkoia' egitasmoa martxan da eta prozesu parte hartzaile baten bitartez herriaren diagnostikoa egin dute, gero egingo den lagunkoitasun planaren oinarri izango dena

Herrian bizitzea erraztuko duten ingurune fisiko eta sozialak sortzeko helburuarekin jarri dute martxan Irura Lagunkoia ekimena. Horretarako herritarren parte hartzea bultzatu dute, eta bereziki, adineko pertsonek duten potentziala, ezagutza, esperientzia eta denbora baliatu dute.

Ana Leunda alkateak nabarmendu duenez, udalbatzak herri lagunkoien sarean sartzea erabaki zuen 2015eko urrian, «zahartzaroaren ondorioez jardun eta denon bizi kalitatea hobetzeko». Gauzatu den parte hartze prozesuaren ondotik, herriaren diagnostikoa burutu dute azken hilabeteetan, eta orain, lagunkoitasun plana zehaztu eta burutzeko konpromisoa hartu du udalak. «Irura anitza eta integratzailea nahi dugu, bertan bizi garen guztiok osatzen dugu herria, bakoitza bere berezitasun eta adinarekin», esan du Leundak.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak martxan jarritako proiektua da herri lagunkoien sarea. Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatzen duen Age-friendly Environments Progamme ekimenean oinarritzen da eta zahartzen doazen heinean pertsonei bizitza erraztuko dien inguruneak sustatzea du helburu nagusia. Geroz eta adineko pertsona gehiago bizi da ingurune urbanoetan eta horiek bizigarriago egiteko OMEk martxan jarritako metodologia gurera ekarri dute.

ZAHARTZARO AKTIBOA

Iruran ere abiatu dute egitasmoa eta herriaren diagnostikoa egiteari ekin diote aurrena. Erretiratu elkartearekin harremana egin eta Irurako ikastolaren eta udalaren laguntzaz inkestak banatu dituzte etxez etxe. Prozesu horretan, Matia fundazioaren laguntza izan dute eta bertako teknikari Ainara Tomasena aritu da dinamizazio lanak egiten: «Inkestetatik informazio kuantitatiboa lortu genuen, baina interesgarria iruditzen zitzaigun protagonistek hitza hartzea eta beraien egunerokotasuna nola bizi duten aztertzea». Beraz, lan talde bat osatu zuten herriaren diagnostikoa egiteko, non herriko erretiratuek, udaleko gizarte laguntzaileak eta Matia fundazioko teknikariak parte hartu duten. «Ingurune fisikoa, aire libreko espazioak edo garraioa aztertzea inportantea da eta irisgarritasunak garrantzia baitu; baina arreta jarri nahi genuen, baita ere, ingurune sozialean, alegia, nola erlazionatzen diren adineko pertsonak dendariekin edo tabernariekin, belaunaldien arteko harremanak ba ote dauden...», adierazi du Tomasenak.

Mari Karmen Iradik, Mari Paz Armendarizek, Maximino Calvok eta Pedro Lopetegik azaldu dituzte diagnostikoan bildu dituzten zortzi arloak. Guztien izenean hitz egin du Marimi Ugalde herritarrak: «Proiektu hau ez da bakarrik guretzat, belaunaldi artekoa da, beraz, familiak, gurasoak eta haurrek parte hartu behar dute. Guzti horien eta adinekoon ekarpenarekin lortuko dugu Irura herri txukunago eta hobea izatea. Hobeto bizitzeko toki bat, alegia».

Adineko pertsonek osatu duten diagnostikoa hartu eta lagunkoitasun plana osatzea izango da hurrengo urratsa eta bertan azaltzen diren ekintzak pixkanaka martxan jartzea. «Orain, udalak aurrera eraman beharko ditu diagnostikoan zehaztutakoak, gu beti laguntzeko prest egongo gara», esan du Ugaldek.

Irura da, adin piramideari begiratuta, eskualdeko herri gazteenetako bat, baina bertako adineko pertsonak oso eragile aktiboak dira. Herri lagunkoien sarean sartuta dagoen eskualdeko herri bakarra da ordea eta proiektuarekin bat egitera animatu ditu Ugaldek Tolosaldeko gainerako herriak, «egitasmo polita eta aberasgarria delako». Irurarrak martxan dira, hortaz, zahartzaro aktiboa bultzatzeko.

DIAGNOSTIKOA

1 Aire zabaleko lekuak eta eraikinak. Patxiku Pagadizabal kalea txukundu. Ibai-Gain eta Loatzo plazetako barandak begiratu, oso arriskutsu baitaude. Plazako taberna itxia dago eta inguruneari bizitza gehiago emateko irtenbide bat pentsatu. Iturria auzolanean konpontzea.

2 Garraioa. Autokarabanentzat aparkalekuak jarri asko baitaude. Neurriak hartu ibilgailuek abiadura jaitsi dezaten.

3 Etxebizitza. Irisgarritasunaren inguruan etxebizitza egokitzeko dauden laguntzen inguruko kanpainak egitea.

4 Parte hartzea eta gizarte sarea. Dendak eta tabernak aktibatu eta gurasoak gehiago inplikatu antolatutako ekitaldietan. Herrian kultur elkarte berri bat sortu.

5 Errespetua eta barne hartzea. Belaunaldi arteko harremanak sustatzen jarraitu eta erretiratuak herriko ekintzetan parte hartzen segitu.

6 Herritarren parte hartzea eta enplegua. Boluntariotza sustatzen jarraitu eta ikastaro bat antolatu erretiroa prestatzeko.

7 Komunikazioa eta informazioa. Teknologia berrien (mugikorrak, Interneta...) inguruko ikastaroak antolatu. Informazio kartelak argiagoak eta sinpleagoak izan daitezela.

8 Gizarte eta osasun zerbitzuak. Dauden baliabide eta laguntzen inguruko kanpainak egin informazioa zabaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!