Otsailaren 28an lanuzteak egingo dituzte udaletako langileek

Ataria 2018ko otsailaren 15a

ELA eta LAB sindikatuek lau orduko lanuzteak egitera deitu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletako eta foru aldundietako langileak, enplegu eta zerbitzu publikoen alde. Iruran, adibidez, gaur kontzentrazioa egin dute lanuztearen harira.

ELAk eta LABek sektoreko langileen ordezkaritzaren %80a dute eta abenduan ekin zieten protestei. Administrazio arduradunen jarreraren aurrean erabaki dute mobilizazioekin jarraitzea, "egoerari buelta" emateko.

Administrazio publikoaren sektorean lanpostu galera izan dela aipatu dute sindikatuek eta behin-behinekotasun tasa jo dute horretarako arrazoi bezala. Gaur egun %36koa da tasa eta Eudelekin sinatutako 'Udalhitz' protokoloa betez gero, %6ra jaitsi daitekeela uste dute ELAk eta LABek. Zerbitzu asko pribatizatu direla ere salatu dute langileek eta horrek zerbitzuaren kalitateari eragin diola.

Lanuztea otsailaren 28rako deitu dute. Bi txandatan egingo dute: goizez 11:00etatik 15:00etara eta arratsaldez 15:00etatik 19:00etara. Manifestazioa ere egingo dute Donostian eta eskualde buruetan ere izango da mobilizaziorik.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!