«Oraingo xare jokalari gazteek ez dute garai batean genuen laguntza arerio kopuruari erreparatuta»

Asier Imaz 2018ko ots. 7a, 14:50

Iparraldeko Ligan txapeldunorde geratu da Joxi Lopetegi xare jokalari irurarra, Mikel Funosasekin bikotea osatuz; orain Frantziako Txaepelketari begira dago.

Txapelketa guztiak irabazia da Joxi Lopetegi Irurako xare jokalaria; Gipuzkoakotik hasi eta Mundukora Txapelketara. Dena irabazi du irurarrak. Falta zaion bakarra, eta ez da gutxi, kotxeko gida baimena da. Hori kontuan hartuta, bere garaipenetan taxistak parte handia dauka.

Egun, nola daukazu antolatuta zure xare denboraldia?

Iparraldeko Liga urrian hasten da, eta finalak abendu bukaeran jokatzen dira. Gero Frantziako Txapelketa hasten da, otsailaren 10ean. Finalak Baionan jokatzen dira martxoaren amaieran.

Fitxa Hazparneko Noizbait pilota elkartean daukazu egina. Mikel Funosas zure bikotea bertakoa da. Horri esker jokatzen duzu Frantziako Txapelketa. Iparraldeko Liga, aldiz, hemengoek ere jokatzeko aukera dute.

Irurako hiru gazte bigarren mailako ligan ibili dira. Ateak zabalik daude, beraz. Partida bat han eta bestea hemen jokatzen duzu Iparraldeko Ligan. 15ean behin joan beharko zenuke Ipar Euskal Herrira, beraz. Donibane Garazi, Donapaleu, Baiona, Angelu edo Miarritzen jokatzen duzu. Horrez gain, zure mailako aurkariak izaten dituzu aurrean, aurten liga hiru mailatan antolatu baitute.

Zure kasuan, lehenengo mailan jokatu duzu.

10 bikoteko liga izan da lehen mailakoa. Aurrena ligaxka jokatzen da, denak denen aurka. Lehen bi sailkatuak finalerdietara pasatzen dira zuzenean. Hirugarrengotik seigarrengora final-laurdenak jokatzen dira.

Ligaxka zenbatgarren postuan amaitu zenuten?

Bigarren. Azken partida irabaziz gero lehen postuan bukatuko genuen, baina 40-38 galdu genuen. 35-28 joan ginen irabazten, baina azkenean...

Horrek min eman zuen.

Bai. Ez da berdina finalerdietan hirugarrenaren edo laugarrenaren aurka jokatzea.

Partida horretako aurkariak, finalerdietan tokatu zitzaizkizuen berriz.

Bai, eta hor ere 40-38 amaitu genuen, baina gure alde.

Finalean ligaxka lehen postuan amaitu zutenak izan zenituzten. Galtzea tokatu zitzaizuen.

Ligan partida bat bakarrik galdu zuten, gure aurkakoa: 40-39. Finalean 20. tantora arte parean joan ginen, baina gero zuloa zabaldu ziguten, 10-12 tantokoa. Xarean eta maila horretan horrelako zuloari buelta ematea oso zaila izaten da.

Antton Pebeten oroimenezkoan, Villabonan, Joko Garbiko partida jokatu zuten txapeldunek. Maila izugarria erakutsi zuten.

Xarean ibiltzen diren gehienak Joko Garbin ere ibiltzen dira Ipar Euskal Herrian. Mugimenduak eta antzekoak dira, eta kirol maila ere bai. Egun guztia xarean edo Joko Garbin pasatzen dute. Maila handia duen jendea da, zalantzarik gabe.

Nola moldatzen zara Funosasekin entrenatzeko?

22 edo 23 urte daramagu elkarrekin. Nik 41 urte ditut eta berak 42. Beste lehentasun batzuk ere baditugu, eta orain ez da normala astero elkarrekin entrenatzen ibiltzea. Gaztetan, bai, orduan joaten nintzen eta nabaritzen zen. Orain ere nabaritzen da, batez ere, zu baino maila handiagoa edo parekoa duten bikoteen aurka jokatzen duzunean.

Hala ere, 22 urteren ondoren, elkarrekin begiak itxita jokatzeko moduan zaudete.

Bai, oso ondo konpontzen gara. Baina fisikoki behera goaz eta indarrean ere nabaritzen da. Orain hobeto kokatzen eta ibiltzen gara, baina gazteak azaldu egin behar dute eta azaltzen ari dira. Hala eta guztiz ere, hor gabiltza oraindik, eta gustura.

Noiz hasi zinen xarean?

15-16 urte nituela. Ordura arte palaz ibiltzen nintzen, Irurako eskolan. Adin horretan pala bukatu egin zen, eta xarea geratzen zenez xarean hasi nintzen. Ondo moldatzen nintzen, eta 17 urterekin Argentinara joateko aukera izan nuen, Munduko Txapelketa jokatzera. Geroztik dena jarraian etorri da.

Nola lortzen da maila horretara iristea, horrenbeste urtez?

Entrenatuz. Gure garaian pilotari kopuru polit bat egon zen maila berdintsua genuenak. Hori entrenatzeko oso lagungarria da. Julen Apeztegia eta oraingo gazte hauek ez dute kopuru edo laguntza hori eduki. Astean zehar hemen ibiltzen ginen gu entrenatzen. Partidetara joaten zarenean, ondo entrenatuta baldin bazaude, lasai joaten zara. Badakizu zuk emango duzula. Besteak hobeak baldin badira, oso ondo, baina zu entrenatuta zoaz. Oraingoek ez dute aukera hori eduki.

Zuen garaiko kopuru hori bakantzen joan da. Atzera begiratu eta zer ikusten duzu?

Hutsunea. Arrazoi desberdinengatik jendea uzten joan da, eta azkenean bakarrik geratu naiz. Eskolan haurrak ikusten dituzu, baina 13 urtetik aurrera jarraipenik ez dagoela ikusten duzu, eta nik hor ikusten dut hutsunea. Pilota eskola bukatu eta gero nola segi, hor dago kontua.

Ipar Euskal Herrian ez da horrelakorik gertatzen.

Ez. Han eskolan jarraitzen dute adin horretara iristen direnean. 20 urterekin oraindik elkartearen izenean jokatzen jarraitzen dute.

Iparraldeko Liga amaitu da, orain, Frantziako Txapelketa.

Ligako 8-9 bikote onenak eta Paueko bikote batek jokatuko dugu. Azken hauek liga ez dute jokatzen, Frantziako Txapelketan sartzen dira. Eta aurrelaria, oso-oso ona da. Gazte bat da, eta ez du parekorik.

Mailak gora egingo du, beraz.

Bai. Esan bezala, Paueko bikoteko aurrelaria oso ona delako; bai xarean, bai Joko Gabin, bai palaz,… benetan ikusgarria da.

Ikusleen aldetik, xareak nolako jarraipena du Ipar Euskal Herrian?

Aurtengo finalean aspaldi elkartu den jende kopuru handiena izan da. Goizean gaztetxoen finalak jokatu ziren, eta hirugarren mailakoenak. Eguerdian haurren topaketa bat egin zuten. 9-10 urteko haurren artean ez da txapelketarik izaten, eta jolas giroan topaketa moduko batzuk antolatu zituzten. Arratsaldean bigarren eta lehen mailako finalak izan ziren, eta gero larruzko palakoak. Egun osoa antolatu zuten, eta horrek jende kopuru handia eman zuen trinketera. Jarraipen handia izan zuten finalak izan ziren aurtengoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!