Irura eta xarea, argi-ilunekin

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 29a, 09:59

Xarearen erritmoa Ipar Euskal Herriak jartzen du, Hego Euskal Herrian apenas jokatzen baita pilota modalitate horretan; Gipuzkoan, Irura bakarrik gelditzen da.

Iruraren eta xarearen arteko zubia haustear al dago? Hego Euskal Herrian xarea bi puntutan dago bizirik. Nafarroan, Iruñea inguruetan, eta Gipuzkoan, Iruran. Xarearen motorra Ipar Euskal Herria da, bertan, bizi-bizirik baitago. Tolosaldeko herriaren eta pilota modalitate honen arteko lotura urte luzez landu da. Horrek, xarea Iruran sinbolo bilakatu du. Urrutira joan gabe, Ikastolaren logoan xarea ikus daiteke. Irura eta xarea, xarea eta Irura, sinonimo izan dira azken urte luzeetan; binomio bat. Egun, ordea, harreman hori nolakoa da?


Harrobiari buruzko galdera honelakoa izan daiteke: nola dago Iruraren xarearen harrobia? Irurako Ametsa Pilota Elkartean 60 haur eta gaztetxo ari dira xarean; 6-7 urtetik 13 urte bitartekoak. Harrobia indartsu dagoela esan daiteke, beraz. Ondorioz, etorkizuna ziurtaturik dago.


Nondik dator orduan kezka? Eta hor hiru izen agertzen dira, Irurako azken hiru xare jokalariak izan daitezkeenak: Ekhi Apeztegia (Irura, 1999), Xabier Santano (Irura, 1998) eta Julen Apeztegia (Irura, 1997). «Oraingo umeak bezala gu txikitatik hasi ginen xarean. Kontua da, guk segitzea erabaki genuela eta orain inork ez duela jarraitzen. Futbola eta beste kirolek badakigu nolako indarra duten, eta jarraipen hori falta da. Xare eskolak indarra dauka, eta jendea gogotsu ari da lanean, baina gakoa segitze horretan dago».


20 urte inguruko gazteak dira hirurak, eta atzera begiratzen dutenean euren ikasleak ikusten dituzte, 12-13 urterekin. Tartean, hutsunea. Zergatik? «Txapelketak kadeteetan hasten dira, eta horretarako Ipar Euskal Herrira joan behar izaten da. Bi orduko bidaia, ziurrenik partida galtzeko. Hor, alde batetik, gurasoek urrats bat eman beharra daukate, gehiago inplikatuz, eta bestetik, galtzen ikasten dela ikusi behar dute haurrek. Pena hori izaten da. Txikitatik txapelketak jokatu nahian ibiltzen direla, eta garaia iristen zaienean xarea uzten dutela».


Kadete eta jubenilik gabe, xarea zubirik gabe dago Iruran. Julen Apeztegiak argi dauka: «Herria ez da konturatzen xarea galtzen ari dela; galdu arte. Guk hor jarraituko dugu, jokatzen eta eskolako gaztetxoak entrenatzen. Baina horrela noiz arte? Lehertu arte. Borrokan segiko dugu, ez dugu etsiko, baina atzetik zein dator? Herria hortaz ez da konturatzen, eta horrek ematen du pena». 60 haur horietatik batzuk jarraitzea espero dute. «Gu adin horietan zortzi ginen, eta hiruk jarraitzen dugu. 60 horietatik 20k jarraituko balute guretzat izugarria izango litzateke. Baina azken bi urteetan, zaharrenek, denek utzi dute. Zubi hori puskatuta dagoelako».


Argi-ilunak ikusten dira xarearen etorkizunaren inguruan Iruran. Ametsa Pilota Elkartea osatzen dutenak hiru pilotarirekin batera gogotik ari dira lanean, eskola aurrera ateraz. Hortik aurrera «gakoa jarraipena da». Xareak kirol bezala zer eskaini ba ote duen galdetuta, hirurek duela gutxi gertatua kontatzen dute: «Gurekin ibili zen lagun bat etorri zitzaigun agian berriro itzuliko zela esanaz. Entrenatzen hasteko esan genion, hemendik lau urtera munduko txapelketa jokatuko delako, eta 22 urte azpikoen mailan jokatzeko aukera izango zuelako. Hego Euskal Herritik Munduko Txapelketa batera joatea ez da zaila. Non aukeratu gutxi dagoelako. Gipuzkoako Txapelketa jokatzeko hiru bikote bilatzen lanak izaten ditugu. Ipar Euskal Herrian desberdina da. Han aurreselekzio bat egiten dute 24 pilotarirekin geratzeko. Ondoren horien artean aukeratzen dute». Xareak indarra dauka beste aldean, eta hor kadeteetatik aurrera txapelketak eta ligak jokatzen dira. «Gure kasuan bigarren mailan gaude, eta jaisteko edo igotzeko aukera izaten duzu. Hori ere motibagarria da. Ordutegi aldetik ere ez da arazorik izaten, etxeko partidak nahi dituzunean jartzen dituzulako. Ez dago txapelketa guztietan parte hartu beharrik, norberak bere neurrira egokitu dezake egutegia. Xareak zer eskainia badu, aukera asko dituelako». Eta hiruek ez dute zalantzarik, beste kirolak eginagatik, xarea ez dutela utziko. Beste gakoetako bat hor dagoela diote: «Beste kirolak eginagatik, xarean segi daitekeela».   


Xarea eta Irura, Irura eta xarea bat dira, baina berandu baino lehen, puntu erabakigarrian daude. «Jendeak xareaz hitz egiten du, eta herriko ekintzetan ateratzen da xarea. Esentzia hor dago, baina xarea ez dago herritarren pentsamenduetan. Xarean jokatzen da, baina benetan ez da sentitzen», dio Julen Apeztegiak. Horri buelta emateko lanean ari direnak Ametsakoak dira. Eta hauek, eroritako zubia eraikitzen denen laguntza beharko dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!