Aurtengo abenduaren 3a, ospakizun eta hausnarketara

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 24a, 16:17
Marta Castrillo, Ana Leunda eta Idoia Olano izan dira Euskararen Nazioarteko Eguneko hitzorduak iragartzeko agerraldian.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, egitaraua antolatu du Irurako Udalak; hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa saioa egingo dute, gaur, Uemaren eskutik

"Euskara euskaldun guztion altxorra da». Hala ekin dio, Ana Leunda Irurako alkateak, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitarauaren aurkezpenari. Aurten hausnartzera deitu nahi izan dituzte herritarrak eta, bide horretan, astearte arratsaldean guraso eta haurrentzako saioa izango dute, Uemaren eskutik.
Idoia Olano euskara teknikariak azaldu duenez, ikastaroak bi zati izango ditu. Lehenengo, 17:30ean, haurrekin elkartuko dira, Herri Eskolan, eta joko eta esku-lanak baliatuko dituzte, haur bakoitzaren hizkuntza ohiturak ezagutzeko: marraztuz eta koloreak erabiliz, beren egunerokoa paperean islatu beharko dute haurrek.
Behin gaztetxoenen saioa amaitutakoan, 18:30ean gurasoek bertaratu beharko dute ikastarora; haurrek egindako marrazkiez eta haiek erakusten dutenez hausnartu beharko dute helduek. «Gure hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa sustatu nahi dugu, askotan konturatzen ez garen arren, gu baikara haurren ispilu», nabarmendu du Olanok aurkezpenean.
Horrela, izen-ematea igandera bitarte izango da zabalik, baina, asteartean bertaratu nahi dutenek atea zabalik izango dutela azaldu dute.
Hurrengo hitzordua igandeak hartuko du, Euskararen Nazioarteko Egunak berak. Galtzaundi Euskara Taldeak eskualdera begira antolatutako egitasmoarekin bat egingo du Irurako Udalak ere eta, beste ezer aurreratu gabe, herritarrak deitu dituzte 11:30ean plazara bertaratzera: «Tolosaldean euskarak 365 egun leloarekin bat egingo dugu guk ere».
Bukatzeko, hilaren 4an urteroko hitzordua errepikatuko dute irurarrek, euskara goratzeko eguna herriko gaztetxoenekin ospatuz. «Goizean ikastolan landuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna eta, arratsaldean, plazan izango da urteroko festatxoa», aurreratu du Olanok.
Horrela, abenduaren 4an 15:15 aldera, plazara bertaratuko dira ikastolako haurrak, kalejiran. Udalak adierazpen instituzionala irakurriko du, lehenik, eta ikasleek ere beren pregoia plazaratuko dute. Ahoa bizi, belarriak prest leloari helduta, Maialen Lujanbioren bertsoak, Imanol Urbietaren kantuak eta bestelako ikuskizunak eskainiko dituzte gaztetxoek eta, eguna biribiltzeko, urteroko gaztaina jatea egingo dute, haur, gazte nahiz helduk.

Herriko datuekin «oso pozik»

Berriki argitaratu dituzte, Soziolinguistika Klusterrak Uemarentzat egindako euskararen erabilera neurketak. Irurarren kasuan, estreinakoz ezagutu dituzte kale erabilera datuak, 2013. urtean parkeetan udalak egindakoa baitzen, esku artean zuten erreferentzia bakarra. Euskararen Nazioarteko Eguneko prentsaurrekoa baliatu nahi izan du, Idoia Olano euskara teknikariak, Irurako datua ezagutzeak «poz handia» eman diela azaltzeko: «Tolosaldeko datu orokorrak hartuta, elkarrizketen %56,5 euskaraz izaten dira, eta %41,4 gazteleraz. Iruran, berriz, kale-elkarrizketen %78,1 gertatzen dira euskaraz, eta %19,8 gazteleraz; %2,1, berriz, beste zenbait hizkuntzatan izaten dira. Txostena ez dugu sakonago aztertu, baina oso datu ona iruditzen zaigu eta, lehenengo datuak ditugunez, hurrengo neurketen zain egon beharko dugu, gure herriko erabileraren joera goranzkoa ala beranzkoa den jakiteko».
Bide beretik, Irurako Udalak «txalotu» egin ditu beren jarduna euskaraz garatzeko hautua egin duten herriko enpresak, Galtzaundi Euskara Taldearen egitasmoaren haritik: «Gainerakoak ere animatu nahi ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!