«Argi dago festa aldatu dela, baina ez dut uste txarrera izan denik»

Jon Miranda Labaien 2017ko uzt. 21a, 07:55

Larunbatean zahagi ardoaren ondoren aritu zen Alegiako Larraitz auzoan. Astebetez atseden hartu eta gero, abuztuan festarik festa giroa jartzen jarraituko du herriko jaietan.

Ibili da Basajaunen, Eganen, Betizu taldean edota Sutan Blaien. Hainbat telebista ekoizpenetan parte hartu izan du, eta orain, Joxe Mendizabalek (Ibarra, 1967) urteak daramatza bakarka erromeria.eus proiektuan. Ondo pasaraztea du bokaziotzat eta asmo horrekin jendearen eskaeretara egokitzeko sortu zuen formatua.

Zer moduz doa uda oraingoz?

Ondo. Emanaldi dezente ditut eta kontentu nago, pozik.

Zein garai hartzen du udako sasoia erromerietan zabiltzatenontzat?

Normalean, santelmotatik apirila erdialdetik aurrera hasten da mugimendua. Maiatzean beste kolpe bat egoten da eta ekainean ere emanaldi asko izaten ditugu. Sanferminen inguru horretan, Iruñean jaiak direnez, beherakada sumatzen da, toki askotan ez delako ezer antolatzen. Gero santioetatik urrira arte etenik gabe izaten dira emanaldiak.

Zuk, hala ere, urtean zehar emanaldiak eskaintzen dituzu, ezta?

Gure sasoia, udaberritik negura artekoa izaten da. Hortik aurrera dezente urritzen dira emanaldiak. Hala ere, gero inauteriak ere badaude tartean eta beti suertatzen da emanaldiren bat denboraldiaz kanpora.

Zein testuingurutan ematen dituzu udako emankizunak?

Uda partean auzo eta herrietako jaiak izaten dira gehienbat eta kalean aritzen naiz. Neguan beste ospakizun batzuk nagusitzen dira: elkarteetako bazkariak, kultur asteak, ospakizunak, bazkari herrikoiak... Emanaldi horiek txikiagoak izaten dira eta toki itxietan ematen dira, gehienetan.

Zein eremu geografikotan aritzen zara nagusiki?

Egia esan behar badut, kanpoan gehiago ibiltzen naiz etxean baino. Bizkaian dezente jotzen dut eta baita Araba aldean, Ozaeta, Narbaiza inguru horretan. Kuartango bailarara ere joaten naiz eta Leitzan hiruzpalau emanaldi izaten ditut urtean.

Geroz eta herri txikiagoa orduan eta gusturago?

Herri edo auzo txikiak gertutasuna du. Jaia antolatzea kosta egiten zaie baliabide gutxi izaten dutelako. Orduan, esker ona ere handiagoa da. Masak ematen ez duen xarma bat du. 10.000 lagunen aurrean aritutakoa naiz, Donostiako Kilometroak jaiaren bukaerako kontzertuan eta esperientzia hori bizi izan dut. Baina urrezko eztei batzuetan jo, bikote horri kantu bat eskaini, eta makuluarekin omendua gerturatu eta bere eskerra jasotzen duzunean... horrek ez du preziorik.

Zer da 'erromeria.eus' proiektua?

Proiektua martxan jarri nuenean lehen irizpidea izan zen zerbait oso malgua egitea. Eskaintza jakin batekin joan beharrean, filosofia kontrakoa da: bezeroak dituen beharretara egokitzea. Horrek esan nahi du haurrentzako emanaldi bat eskaini dezakedala gaur eta bihar berriz, erretiratuentzat beste bat. Edo arratsaldeko emanaldi bat daukadala hemen eta gauean goizaldeko 04:00ak arte egon behar dudala han. Beraz, asko aldatzen dira giroa eta errepertorioa.

Zenbateko errepertorioa daukazu?

Drindotseko Joni behin entzun nion bezala, 'eskatu nahi duzun kantua eta baldin badakigu joko dugu, eta ez badakigu, baita ere'. Filosofia horrekin bat egiten dut. Publikoko norbaitek kantua baldin badaki, hari lagunduz osatu dezakegu pieza. Eta bestalde, egia da adinean gora goazela eta kantu asko dira dakizkigunak. Lehen konpasekin nahikoa izaten dugu abestia ateratzeko.

Orain eskaintza berri bat duzu, 'Kantu poteoa' izenarekin.

Duela urte pare bat martxan jarri nuen. Elektrotxarangak ibiltzen diren bezala kalez kale modu ibiltarian aritzeko eskaera egin zidaten. Hasiera batean ez nuen uste posible zenik, baina hamaika buelta eman eta gero, martxan jarri nuen eta oso ondo funtzionatzen du.

Nola moldatzen zara bakarrik kalez kale ibiltzeko?

Kaldererotan probatu nuen lehen aldiz. Lau gurpileko karro bat hartu eta hor daramat guztia: teklatua, akordeoia eta bafleak sartzen dizkiot. Taberna baten atarira joan eta han tokatzen dena jotzen dut. Jendea kanturako badago, klase horretako kantuak eta bestela beste molde batekoak. Kanturako pentsatuta hasi nintzen, baina konturatu naiz jendeari martxa gustatzen zaiola. Askotan erromeri ibiltari baten gisa bukatzen dugu.

Hortaz, musikari izateaz gainerako beste ofizio horiek egitea ere badagokizu.

Bai. Txofer, soinu teknikari, muntatzailea, argiztapen arduradun, musikari... nik egiten ditut lan guztiak. Emanaldi asko egin behar direnez, dena neurtuta daukat.

Disko bat ere atera duzu izen horrekin, ezta?

Gaur egun diskoaren kontua aldatuta dago, ez dago fisikoki atera beharrik. Plataforma digitaletan eskuratu daitekeen bilduma bat da, lagin baten modukoa, kantu poteoan egin daitekeena erakusten duen mostra bat.

Garai batean plazara biltzen zen jendea eta gaur egun musikariak zarete jendearen atzetik zabiltzatenak.

Bai, hala da, baina nik oso gustuko dut. Tratu zuzena da, gertukoa. Ez dago distantziarik publikoarekin. Albotik eskatzen dizu jendeak entzun nahi duen kantua eta askotan nirekin batera abesten dute mikrofonoan. Harreman zuzena denez, eskerrak ere momentuan jasotzen dituzu. Ez ditut batere faltan botatzen, plaza handi haiek.

Ez al duzu taldearen babesaren nostalgiarik?

Batzuetan bai. Arratsaldean jo eta gauean beste emanaldia baldin badaukat, tarteko momentu horretan bakarrik nago. Baina egia esan jendea oso esku zabala da eta festa batzordekoek berehala gonbidatzen naute haiekin afaltzera. Babes handia sentitzen dut nik. Momentu puntualetan senti dezakezu bakardadea, baina taldeetan bizikidetza askotan zaila izaten da eta bakarrik aritzeak badu abantaila hori, momenturo, nik egin nahi dudana nahi dudan bezala egiteko aukera daukat.

Zein kantu eskatu dizute aurtengo udan gehien?

Despacito eta Subeme la radio abesti ezagunak aurten ez ditut jo, baina normalean horrelakoak ikasi egiten ditut eta nik abestu. Neronek moldatzen ditut, batzuetan euskaratu, eta bizigarri bat emateko zerbait eransten diet. Konplexurik gabe. Gaur egun, dena nahastuta dago eta oso giro euskaldunetan ere eskatzen dituzte horrelakoak.

Plaza giroaren inguruan zein diagnostiko egingo zenuke?

Argi dago festa aldatu egin dela. Baina aldatu dela esaten dugunean, badirudi txarrerako izan dela. Nik ez dut hain argi. Garai batean, erromeriekin herriak gainezka egoten ziren. Herrikoak lanean eta kanpokoak etortzen ziren festara. Nik gustukoagoa dut gaur egungo eredua: jaiak barrura begira egitearena, ez hainbeste jendea erakartzeko, baizik eta bertakoek ondo pasatzeko. Giro polita sortzen bada, gero jendea etorriko da kanpotik. Lehen dantzaldia zen nagusi eta gaur egun elektrotxarangak daude modan. Gustuak aldatu egiten dira. Egokitzea da kontua.

Jarraikortasuna baduzu, hala ere.

Bai, euskarazko musikaren inguruan ibili naiz beti. Berbena zalea naiz, eta hori askotan gaizki ikusia izan da, baina nik hori egin izan dut bizi osoan. Gutxi gaude musikatik bizi garenak, eta horretarako, garai berrietara moldatu beharra dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!