Bertan behera utzi dute greba Euskal Forging-en

Ataria 2017ko ekainaren 26a

Ekainaren 6an abiatu zuten greba mugagabea eta enpresa buruekin akordioa lortu ondoren, aurreko ostiralean itzuli ziren Irurako eta Sestaoko langileak lanera.

2015aren amaieran iraungi zitzaien aurreko lan hitzarmena eta iazko urritik ari ziren berria negoziatzen. Langileen ordezkariek, ordea, ez zuten adostasunik lortu enpresa jabeekin, eta honenbestez, ekaina hasieran jo zuten grebara.

2016, 2017 eta 2018rako, urteko 770 euro lineal eskatzen zituzten langileek eta hori islatuta gera zedila euren lansarietan. Enpresa buruek proposamen ezberdinak egin ondoren, urteko (2016, 2017 eta 2018) 650 euroko kontsolidatutako soldata igoerari baiezkoa eman zioten langileen gehiengoak asanbladan.

Leire Gallego ELA sindikatuko ordezkariak azpimarratu duenez, "hobekuntza nabarmena" lortu dute langileek ezgaitasun egoeretarako: "Istripuagatik %100 kobratuko dute langileek eta gaixotasunagatik lana utzi behar dutenen kasuan soldataren %80a jasoko dute lehen hilabetean eta %90 bigarren hilabetetik aurrera".

Ostegunean zehar izandako bileretan lortu zuten hitzarmen berria adostea eta ostiralean hasi ziren Irurako 43 langileak lanean. Negoziazio guztiak Euskal Forging-ek Sestaon duen plantako langileekin batera eraman dira eta hango beharginak ere lanean dira dagoeneko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!