Euskal Forging-eko langileak greban dira duela astebetetik

Jon Miranda Labaien 2017ko eka. 13a, 10:57
Atzo goizean, manifestazioaren bukaeran, langileak protestan

Iruran kokatuta dagoen enprean ari diren 43 langileek greba mugagabea hasi zuten ekainaren 6an eta protestarekin baldintzetan hobekuntzak eskatzen dituzte.

Bostehun egun baino gehiago daramatzate Euskal Forging enpresako langileek hitzarmenik gabe. 2015aren amaieran iraungi zitzaien aurrekoa eta iazko urritik ari dira berria negoziatzen. Langileen ordezkariek, ordea, ez dute adostasunik lortu enpresa jabeekin, eta honenbestez, aurreko asteartetik greba mugagabean dira. Baldintza duinagoak eskatzen dituzte lanerako eta «atzera bueltarik ez du abiatutako bideak». Horrela adierazi dute Juan Mari Urkola, Gaspar Jauregi eta Alberto Alonsok, ELA sindikatuak Irurako plantan dituen hiru ordezkariek.

43 langile ari dira lanean, 90ko hamarkada erdialdetik Irurako Katategi industriagunean kokatuta dagoen lantegian. Haize errotetarako eraztun laminatuak egiten dituzte. Tamaina jakin batekoak egiten dituzte gure eskualdean, handiagoak Euskal Forging-ek Sestaon duen plantan egiten baitituzte. Han beste 48 langile ari dira lanean eta guztiek elkarrekin, Irurakoak eta Sestaokoak, osatu dute hitzarmena negoziatzeko plataforma. Adostasunik ez dutela lortzen ikusita, bi plantetako langileek aho batez onartu dute grebara jotzea.

Hobekuntza sozialak eskatzen dituzte eta hemendik aurrerako hitzarmenak langileei «segurtasuna» ematea. Alde horretatik, soldata igoeraren puntuan geratu dira negoziazioak ez aurrera, ez atzera.

IGOERAK KONTSOLIDATU

«Martxa onean» doan enpresa dela eta horrek euren soldatetan «isla» izan behar duela uste dute Irurako Euskal Forging-eko langileek. Jabeak prest agertu dira 2016an eta 2017an 900 euro saria ordaintzeko langile bakoitzari, baldin eta akordiora iritsiko balira. ELAko delegatuek azpimarratu dutenez, ordea, «diru kopuru horren zati txiki bat baino ez dute gure soldatetan kontsolidatu nahi, aparteko sari bat bezala eman nahi digute gainerakoa».

Eskakizun garbia dute Sestaoko eta Irurako lantegietan dabiltzan ehun beharginek. 2016, 2017 eta 2018rako, urteko 770 euro lineal eskatzen dituzte eta hori islatuta gera dadila euren lansarietan. «Hobekuntza horiek hor geratu behar dute, gero, ezgaitasun egoeretan edo langile berriak hasten direnean kontuan hartzen den soldaten oinarria hori izan dadin. Egonkortasuna behar dugu, ezin gara beti momentuko irabazien zain egon. Gainera, zeinek erabakitzen du noiz dauden irabaziak?», esan dute ELAko delegatuek.

Enpresaren jarrera «tematia» izan dela uste dute langileek eta beraz, beste proposamen bat jaso artean greban jarraituko dutela hitz eman dute. Langile guztiek, Sestaokoek eta Irurakoek, elkarrekin erabaki zuten borroka molde hori hartzea eta joan den ekainaren 6tik ez dira lanera joaten.

MOBILIZAZIOAK EGUNERO

Produkzioa etenda egon arren, Irurako langileek aurreko asteartetik goizero egiten dituzte protestak lantegi parean. Normalean, bi txandatan egiten dute lana astelehenetik ostiralera nahiz eta sekzio batek gauez ere egiten duen lan hiru txandatan, beraz, ordutegi horretan enpresaren atarian biltzen dira. Gainera, goizero, 10:00etatik 10:30era manifestazioa burutzen dute Katategi industriagunean zehar.

ELA sindikatuko langile ordezkariek edozein unetan negoziatzeko prest daudela azpimarratu dute, baina greba uzteko enpresako arduradunek mahai gainean proposamen bat jarri beharko dutela adierazi dute. «Guk geureari tinko eutsiko diogu, hurrengo urteetarako lan hitzarmen duina lortu arte».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!