Eraikin berriarekin ospatuko du ikastolak 40. urteurrena

Jon Miranda Labaien 2017ko eka. 6a, 07:55
Eraikin berriaren ikuspegi bat, 2008an egin zen eraikinaren atariti. JON MIRANDA

Irurako ikastolako Haur Hezkuntzako eraikin berrian umeak apiriletik ari diren arren, inaugurazio ekitaldia bihar arratsaldean egingo dute 16:00etatik aurrera.

Amets bat errealitate bihurtu dena. Horrela irudikatzen du Irurako ikas-komunitateak Haur Hezkuntzako ikasleentzat eraikin berria. Bi eta bost urte arteko 88 ume inguru joan den apirilaren 10etik ari dira bertan ikasten, aurretik plazan erabiltzen zituzten eraikinak utzita. «Erosoago daude ikasleak orain eta batez ere denak elkarrekin gaude», esan dute Izaskun Gaztañaga eta Eider Ijurko irakasleek.

Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako seigarren maila bitarteko haur guztiak elkar hartuta ibiliko dira eta horrek «laguntzarako sena eta elkartasuna» indartuko ditu irakasleen ustez. Gainera, Lehen Hezkuntzako ikasleek ere erabiliko dituzte eraikin berriko espazioak, jangela eta psikomotrizitate gela, hain zuzen. Baina batez ere partekatuko dutena bi eraikinen artean geratzen den jolaslekua izango da. «Zoratzen egoten dira nagusiagoak umeekin jolasean. Asko irabazi dugu».


 

Beste hainbat eraikin bisitatu eta gero, eta Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, urtebeteko epean egin dute ikastolaren zati berria. Gaztañagaren esanetan, «gizartea asko aldatu da azken urteetan eta hezkuntza ere bai. Pedagogia irizpideak baliatuta diseinatu da eraikina». Adin bakoitzeko umeek erreferentziazko gela bat duten arren, goizeko eta arratsaldeko lehen orduetan ikasleak libre ibiltzen dira gustukoena duten txokoan. Ikasgelen arteko espazioak irekiak dira eta jolaslekura ere zuzenean atera daitezke ikasleak.

Lanketa ezberdinak egiteko txokoak topatu ahal izango dituzte umeek eta Ijurkok nabarmendu duenez, «erreferentziazko gela horietako bakoitzak badu bereizgarri bat». 3 urteko gelan, gehienbat, joko sinbolikoak lantzen dira, 4 urtekoan eraikuntza eta matematikekin zerikusia duten gaiak eta 5 urtekoen gelan berriz, irakurketa, idazketa eta arte sormena dira ardatz.

Eraikin berria egiteko udalak eman duen laguntzarekin gogoratu dira irakasleak eta azpimarratu dute, horrekin batera, ikas-komunitate osoaren «elkartasuna» beharrezkoa dela ikastolaren proiektua Iruran aurrera ateratzeko. Bihar inaugurazio ekitaldia egingo eta aurrerantzean ere, ikastola bultzatzeko ekimen gehiago izango dira.

 

 

Ekainak 7, asteazkena:

16:00. Irurako ikastolako lehendakariak hitz batzuk egingo ditu eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikuskizuna eskainiko dute.

Ondoren. Aurreskua dantzatu eta zinta moztuko dute, Ikastolen Elkarteko ordezkariak, udaleko kideak, eta herriko eragileak bertan direla. Ekitaldia amaituta eraikina bisitatuko dute.

Arratsaldea amaitzeko, merienda izango da gerturatutakoentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!