Iruran, Emakumea Pilotari Eguna

Asier Imaz 2017ko ekainaren 1a

Ekimenaren hamaikagarren edizioan Gipuzkoako hainbat pilotari elkartuko dira larunbatean, festa giroan.

2017ko Emakumea Pilotari Eguna Iruran ospatuko da larunbatean, ekainaren 3an. Topaketa berezi honen XI. edizioa izango da aurtengoa, eta bertan elkartuko dira Gipuzkoako hainbat herritan eskaini diren paleta ikastaroetan parte hartu duten emakumeak. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak bideratzen ditu Emakumea Pilotari barruko ikastaroak, eta 18 urtetik gorako emakumeentzat dira.

10:00etan emango zaio hasiera festari, Emakumezkoen Gipuzkoako Txapelketa Herrikoiaren lehen fasearekin. Zortzi herrik ordezkaritza izango dute txapelketa honetan: Azkoitia, Deba, Donostia, Hernani, Mutriku, Oiartzun, Tolosa eta Zizurkilek. Bikote guztiak bi multzotan banatuko dira, eta multzo bakoitzeko lehendabiziko bi sailkatuak finalerdietara pasako dira.

Txapelketaren lehen fase honen ondoren, saio bateratua izango da emakume guztiekin, era desberdinetako ariketekin. Eta, hori bukatuta, hamaiketakoa izango dute bertaratutakoek. 13:10ak aldera Txapelketa Herrikoiaren bigarren faseari helduko diote: lehenik finalerdiak jokatuko dituzte, eta jarraian finala. Sari banaketa ekitaldia 14:00etatik aurrera egingo da. Eguna behar bezala borobiltzeko, bazkarian elkartuko dira pilotari guztiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!