Ura Irurara ekarri zutenekoa gogoratu dute udal foroan

Ataria 2017ko maiatzaren 31

Eskola Agenda 21 egitasmoan ura aztertu dute aurten Irurako ikasleek eta udal foroan proposamenak luzatzearekin batera herriko iturrien historia ezagutu dute.

Eskolako beste langile eta gurasoen laguntzaz, Irurako ikastolako ikasleek uraren gaia landu dute aurten Eskola Agenda 21 proiektuaren barruan. Eskolan egin dute lehen lanketa eta ondoren herriaren egoera aztertu dute: Haur Hezkuntzako ikasleak erreka garbi mantentzearen garrantziaz konturatu dira; Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek herriko iturriak aztertu dituzte; hirugarren eta laugarren mailako ikasleek herritarren ohiturak aztertu dituzte; eta bosgarren eta seigarren mailakoek ibaiei begiratu diete.

Azterketa egin ondoren, ikasleek zenbait konpromiso hartu dituzte eta udal foroan aurkeztu dituzte udal ordezkarien aurrean. Besteak beste, iturriak ondo zainduko dituztela hitz eman dute eta errekara zaborrik ez dutela botako. Gainera, ur kontsumoa gutxitzeko neurriak hartu eta ura alperrik ez dutelako gastatuko esan dute.

Herriko iturrien ur emaria kontrolatu eta iturri horietako batzuk egokitzeko eskaera ere luzatu dute ikasleek udaletxean. Ana Leunda alkateak aukera baliatu du herriko ondare diren iturri horien historia gogoratzeko: «1888. urtean hil ondoren Josefa Ignacia Arreseigorrek diru kopuru bat utzi zuen Villabonako Iturtxulotik ura Irurara ekartzeko. Horrekin batera hiru iturri egiteko dirua eman zuen: egun udaletxea atzean dagoena, Etxezarretakoa eta garbitokia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!