Irura zeharkatzen duen errepidea hobetzeko lanak egingo dituzte

Ataria 2017ko martxoaren 14a

Oinezkoentzat segurtasuna handitze aldera, Irura zeharkatzen duen GI-3650 errepidea estutu egingo da eta espaloiak zabaldu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irurako Udalak hitzarmena sinatu dute. Errepidea berritzeko lanak 284.269 euroko aurrekontua du eta udalak proiektuaren lanak kontratatu eta gauzatzeko konpromisoa hartu du. Aldundiak, bere aldetik, bere eskumenekoak diren obrak finantzatuko ditu, 119.786 eurorekin.

"Herriko segurtasuna eta zerbitzuak hobetzeko lanak" izango dira, Ana Leunda alkateak nabarmendu duenez. GI-3650 errepidearen zeharbidean, Kale Nagusia 25 eta 29 arteko zatia hiritartzeko proiektuari dagokion hitzarmena onetsi dute bi erakundeek.

Erdiko irlatxoa kendu, oinezkoen segurtasuna hobetzeko espaloia zabaldu eta drainatze sarea berritu. Horiek dira aurreikusten diren lanak. Horrekin batera, argindar, telekomunikazio, gas, argiztatze publiko, saneamendu eta horniketa sareak eta galtzadaren zorua berrituko dira.

Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretarako diputatuak aipatu duenez, "puntu jakin batean sestra aldatuko da, egun N-1 errepideko irteeran sortzen den putzua desagerrarazteko, izan ere, ibaia hazita datorrenean Oriako ubidera ura drainatzeko arazoak izaten dira".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!