'Ontziratu zaitez' kanpaina Irurara iritsi da

Ataria 2016ko azaroaren 18a

Azaroaren 21etik aurrera, Irurako Udalak herritarren eskura ontziak jarriko ditu euro baten truke. Guztira 300 ontzi banatuko dituzte.

Irurako Udalak Kutxa Ekogunearekin elkarlanean Ontziratu zaitez kanpainaren berpizteari ekingo dio.
Orain dela urte bete Tolosaldeko herrietan jarri zen martxan kanpaina. Helburua, arrandegi eta harategietan egiten diren erosketetan, ontzi edo tuperrak erabiltzea eta paper eta plastikozko poltsen erabilpena murriztea da.

Irurako udalak 2016ean Eskola Agenda 21 proiektuaren bidez ikasleengandik jasotako eskaerari erantzunez kanpaina Iruran berpizteko ekintzak martxan jartzea erabaki zuen. Eta erabaki horren emaitza moduan datorren azaroaren 21etik aurrera herritarrei gogoraraziko zaie erosketetan ontzi berrerabilgarriak erabiltzeak guztiontzat abantailak dituela.

Guztien nahia Iruran berrerabili daitezkeen ontziak erabiltzen dituzten herritarrak ugaritzea izanik, udalak herritarren eskuragarri jarriko dituzte ontziak euro baten truke. Guztira 300 ontzi banatzeko aukera dagoelarik.

Udaletxe eta Kutxa Ekogunearen eskutik etxe bakoitzera eskuorri informatibo bat iritsiko da kontsumo jasangarriaren aldeko apustu honek dituen abantailak gogoraraziz eta herritarrak “Ontziratzera” animatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!