Iruran utzi dute garaikurra

Ataria 2016ko urriaren 27a

Euskal Herriko 40. dantza txapelketa Seguran irabazi eta Nestor Basterretxeak egindako garaikurra jaso zuten Xabier Artola irurarrak eta Idoia Besada pasaitarrak. Irura ordezkatuz jantzi zuten txapela eta ondorioz, jasotako garaikurra herriko udaletxean egongo da gordeta datorren urtera arte.

Herriko plazan txalo artean hartu dituzte aurtengo txapeldunak eta omenaldi ekitaldiak iraun duen bitartean behin baino gehiagotan zartatu dituzte eskuak irurarrek.

Dantzari txikienek abiatu dute omenaldia eta ondoren, Udaberri dantza taldeko kideek agurra dantzatu diete bi txapeldunei. Udaletxeko pleno aretoan jarraitu du ongi etorriak. Gurasoak ondoan zituztela, Ana Leunda alkatearen eta Aloña Barandiaran udal langilearen hitzak entzun eta hauen eskutik opariak jaso dituzte: Irurako zapi berdea eta kaleko alpargatak.

Gustura jaso dute herriaren esker ona Xabier Artolak eta Idoia Besadak eta eskerrak eman dizkiete udal ordezkariei eta gerturatu diren herritar guztiei.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!